Ansa II eta Goikoetxea V gaur, finalerdietarako txartelaren bila

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 29a, 00:00

Masters Txapelketako aurrekoa jokatuko dute. Azpiroz, Aldabe eta Ezkurra II.a ere izango dira Galarretan.

Jaialdi ikusgarria prestatu du Oriamendik gaurko, Galarretan. Hiru partidu jokatuko dira 16:30etan hasita, eta denek emango dute zer esana. Hirugarren partiduan, Ansa II eta Goikoetxea V urnietarrak elkarren aurka ariko dira Masters Txapelketako aurrekoan. Irabazlea finalerdietara sailkatuko da eta Urrizaren lesioaren eboluzioaren zain, aurrelari nafarra izango luke garaileak aurkari, datorren asteko finalerdian. Ansa da faboritoa lagunen arteko partiduan. Biak aurrelariak eta jotzaileak, Ansak pelota gutxiagotan egiten du huts eta errestoan hobeto aritzen da.  Hala ere, Goikoetxea arriskutsua da, fisikoki erremontistarik prestatuenetakoa delako. Gainera, bere kolpearekin edozein partidu apurtzeko kapaza da. 

Segurola eta Barrenetxea, Ezkurra II eta Juanenearen kontra, estelarrean

Jaialdiaren bigarren partiduan,  Segurola eta Barrenetxea IV.a hernaniarrek Ezkurra II eta Juanenearen aurka jokatuko dute. Ezkurra II.a Galarretan agertuko da berriro eta atzelari moduan ariko da Juanenea, nahiz eta aurrelaria izan. Eta jaialdiko lehenengoan, Azpiroz eta Aldabe dira berriro azalduko diren erremontistak. Azpirozek Etxarri izango du lagun aurrean eta Aldabek Zubiri goizuetarrarekin jokatuko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!