«Egunsenti baten aurrean lasaitu egiten zara, momentua gozatuz, dantza garaikidearen gisara»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 29a, 00:00

Maiatzaren 5ean, dantza familian saioa eskainiko da goizeko 11:00etan hasita, Chillida Lekun.

Dantza garaikidearen hainbat zertzelada eman ditu Fernando Saez DAGAZ egitasmoko arduradunak, eta herritarrak gonbidatu ditu gaurko eta datozen hilabeteetarako antolatu diren dantza saioetan parte hartzera. Gaurko saioa, 11:00etatik 12:30etara izango da.

Dantza garaikidea ezagutarazteko eta «bultzadatxo bat» emateko asmotan, pasa den urtean sortu zen DAGAZ proiektua, eta Hernanin eskainiko ditu datozen hilabeteetan gorputzarekin bat egiteko hainbat saio, Biterin eta Chillida Lekun tartekatuta. Gaur, hain zuzen ere, Cielo Raso konpainiak eskainiko duen Hâmaïkà ikuskizunaren inguruko dantza saio irekia antolatu da, eguerdiko 11:00etan, Biterin.

Hori horrela, DAGAZ  egitasmoaren helburuen berri eman digu Fernando Saez proiektuko arduradunak, eta egia esan, dantza garaikidean murgildu du Kronika ere.

Saezek nabarmendu du dantza garaikidean «hutsunea» dagoela: «normalean, dantza garaikideko emanaldietara, publiko gutxi gerturatzen da. Badago ohitura falta bat, estatu mailan, eta Euskal Herrian ez dugu izan aukerarik dantza garaikidea ezagutzeko, ez dugu dantza honen lengoaiarekin harremantzeko paradarik eduki. Guk ikusi dugu urteen poderioz, hutsunea egon dela». Horrexegatik, DAGAZen asmoa da publikoak dantza garaikidea ezagutzea,  eta horretarako sare bat sortu dute: «sare hauetan, antolatzen ditugu tailerrak eta kasu honetan, Hernaniko kultur programazioarekin lotuta dauden artistek ematen dute, eskainiko duten emanaldiaren harira. Artistek ezin badute dantza saio irekia eskaini, guk lantzen dugu saioa haien emanaldiko muina hartuta».

 

Gaur, Hâmâïka emanaldiari buruzko dantza saioa

Gaur goizeko 11:00etan eskainiko den dantza saio irekia, Cielo Raso konpainiarekin izango da, otsailaren 3an oholtza gaineratuko den  Hâmaïkà emanaldiaren harira: «gorputza mugituz, Hâmaïkà piezaren zertzeladak emango ditugu, eta honela, Igor Calongeren obra hau beste modu batera ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, dantza garaikidearekin».

 

«Edonorentzat daude zuzenduta dantza saio irekiak, beraz, herritar oro izango da ongi etorria!»

 

DAGAZek joan den urtean inkesta bat bidali zuen, eta Fernando Saez egitasmoko arduradunak argi azaldu du emaitzak «oso positiboak» izan zirela: «dantza garaikideko saioetan parte hartzen zutenek gehiago ulertzen zuten ondorengo egunetan eskaintzen zen emanaldia».

Horrez gain, dantza garaikidean lasaitasuna lantzen dela ziurtatu du Saezek: «nik uste dut joera dagoela, dantza garaikideaz hitz egiten dugunean, beldurtzeko edo urduri jartzeko… eta askok diote ez direla gai izango dantza mota hau ulertzeko. Baina eskaintzen ditugun saio hauekin, lasaitu egiten zara».

Lasaitasunari buruz jarduten, bat-batean, egunsentia etorri zaio Saezi burura, haren lasaitasunak dantza garaikidearekin lotura duela esanez: «egunsenti baten aurrean, esaterako, gozatu egiten duzu, eseri eta momentua biziz. Ez zara hasten kolorearen graduak laranjak edo arrosak diren pentsatzen, lasaitu egiten zara eta gehienek gozatu egiten dugu,  ezta? Ba horixe bera gertatzen da dantza garaikidearekin, eta hori da  gure asmoa, jendea lasaitasunean mugitzea, benetan dantza garaikideaz gozatuz».

 

Dantza familian saioak

DAGAZen asmoa herritarrek dantza garaikidearekin esperimentatzea denez, gaur eskainiko duten dantza irekiaz gain, dantza garaikidea familia artean gozatzeko parada ere emango du. Bi izango dira eskainiko diren saioak: lehena, martxoaren 5ean, Biterin; eta, bigarrena,  maiatzaren 28an, Chillida Lekun. Haurrek eta helduek elkarrekin dantzan hasteko tailerra dela jakinarazi du Saezek: «jolasaren eta inprobisazioaren bidez, irudimena erabiliz, mugimendu oro dantza baliatuko da». Eta azpimarratu du, tailer hauen bidez, dantza garaikidea edonorentzat eskura dagoen arte diziplina  transmititzea dela helburua, «esperientzia familiar atsegina oinarri hartuta».

Beraz, gogoratu, dantzan murgiltzeko gogoz dagoen orok eman dezakeela izena DAGAZ egitasmoak antolatutako dantza saio irekietan, aurrez helbide elektroniko honetara idatzita: izenaeman@dagaz.eus.  «Edonorentzat, dago zuzenduta, beraz, herritar oro izango da ongi etorria!». k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!