'Pitu' babesteko 'Elkartasun borobila' festa gaur eta bihar ospatuko da Txantxilllan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 28a, 00:00
'Pitu', Txantxillako bere etxean.

19:00etan dago iragarrita hasiera eta 'Txiki'ren bakarrizketaren ondoren elkartasun pintxoak eta DJ Monkeyren musika jarriko dira.

Pituri laguntzeko Elkartasun borobila festa gaur hasiko da Txantxillan eta bihar jarraituko du. Babes ekonomiko eta soziala emateko helburuarekin antolatu da, auzolanean.  Elkartasun borobila Pitu auzokideari babesa eskaintzeko ekimena da.

Pituk, ELA gaixotasuna dauka, eta gaixotasun honen ondorioz, pixkanaka-pixkanaka bere mugikortasuna galtzea eragiten dio. Pituk 50 urte dituenez, bere bizipoza lagun artean egotea da eta horrek indarra ematen dio aurrera egiteko. Hori horrela izanik, egoitza batera joateko aukera saihestu nahi du, hain justu ere, bakardade egoeran ez erortzeko.

Ekimen honen helburua, beraz, bikoitza da. Batetik, Pitu auzokidearen errealitatea auzotarrei ezagutaraztea, eta bere berri guztiok izatea. Eta bestetik, auzotarron babesa eskaintzea, bai gertutasunean eta baita ekonomikoki ere.

Horrela bada, gaur eta bihar elkarlanean antolatu dituzten ekintzetara parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak Txantxillako auzotarrek, eta dagoeneko Aroza tabernan eta Txantxilla kafetegian salgai jarri dituzten 5 euroko bono-laguntzak erostera ere bai.

Gaur 19:00etan ekingo zaio festari eta Txikiren umorezko bakarrizketa izango da 19:10etan, ondoren elkartasun pintxoak jarriko dira eta DJ Monkeyren musika entzungo da. Bihar berriz, eguerdian haur jolasak eta sagardo dastaketa izango dira eta arratsaldean Bingoa, jolas kooperatiboak, argazki erraldoia eta DJ Monkey.

 

EGITARAUA

TXANTXILLAN


URTARRILAK 28 OSTIRALA

19:10 Txikiren umorezko bakarrizketa '40 urte ta aldapan behera!'
Ondoren Elkartasun pintxoak eta DJ Monkey

URTARRILAK 29 LARUNBATA

11:00 Haur jolasak eta toka
12:00 Sagardo dastaketa eta elkartasun-pintxoak
16:30 Bingoa
17:00 Jolas kooperatiboak
18:30 Argazki erraldoia, DJ Monkey

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!