Ernairen eta pentsiodunen mozioak, aho batez onartuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 27a, 00:00
Ernaiko kideak mozioa irakurtzen, astearteko Plenoan.

Apustu etxeen kontrakoa eta banketxeetako lehiatilen ingurukoa aurkeztu zituzten.

Asteartean bildu zen Hernaniko Udaleko Plenoa, ohiko deialdian; eta mozioak izan ziren gai nagusiak. Horietako bi, Ernaik eta pentsiodunen kolektiboak aurkeztutakoak, aho batez onartu zituzten.


Herrian dagoen apustu etxe­aren kontrako mozioa aurkeztu zuen Ernai Gazte Antolakundeak. Aipatu zuten, «beldurgarriak» direla datuak: «Hego Euskal Herrian, hirutik batek apustuak egin ohi ditu, eta kontsumitzaileen %66 da 35 urtetik beherakoa. Gainera, %15ak ludopatia pairatzeko arriskua du». Horregatik, Udalari eskatu zioten konpromisoa hartzea, ho­rrelako establezimenduak herrigune historikotik eta nerabe zein gazteen begibistatik kanpo kokatzeko; formakuntza eta informazioa eskaintzeko ikasleei, Udaltzaingoari eta helduei; eta Eusko Jaurlaritzari neurriak har­tzea eskatzeko.


Pentsiodunek, berriz, banketxeetako aurrez aurreko zerbitzuari buruzko mozioa eraman zuten Plenora. «Alderdi politiko guztien babesa behar dugu. Aurrez aurreko zerbitzuaren ia erabateko desagerpenak bereziki eragiten digu adinekoei, eta Covidak are gehiago kaltetu du. Berehalako neurriak behar ditugu, gure dirua eskuragarri izateko, tratu humanoagoarekin», adierazi zuten. Eta Udalari eskatu zioten, herriko banketxeei estutu ditzala lehiatilak zabalik izateko, eta egungo egoeran ilarak murrizteko itxaron gela bat jartzeko.


Aho batez onartu ziren bi mozio horiek, baina ez zen onartu Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldearena, osasun mentalari buruz. Bertan eskatzen zuten, Osasun Mentaleko Udal Plangintza bat egitea, gai horretan prebentzioa eta zaintza komunitarioa garatzen laguntzeko, Udalak dauzkan eskumenen arabera. Alde bozkatu zuten Elkarrekin Podemosek berak, EAJ-PNVk eta PSE-EEk, baina kontrako botoa eman zuen EH Bilduk, «eskatzen dena aspalditik egiten delako Hernanin: osasun aktiboen mapa osatu dugu, osasun zentroarekin elkarlanean; Arremanitzen lana daukagu; Plax! zerbitzua... Gure konpromisoa berretsi nahi dugu gai honekin, baina ezin dugu bat egin mozioarekin, egiten delako, eta beste norabide batean bideratu behar delako hori; osasun sailera alegia», azaldu zuen Esti Aldeiturriaga zinegotziak.


Puntu gehigarri bat ere izan zuen Plenoak, gai ordenean ez zegoena: Energia Berriztagarri­en Komunitateko bazkide izango da Hernaniko Udala, eta bere ordezkaria Mattin Aldaia izatea proposatu zuten. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen; abstenitu egin ziren EAJ-PNV eta PSE-EE; eta kontra bozkatu zuen Elkarrekin Podemosek.


Plenoaren hasieran, gainera, eztabaida sortu zen berriro, Couth enpresa Zubietara lekualdatzearekin. Izan ere, oposizioko hiru alderdiek adierazi zuten arrazoia ez zela ekonomikoa izan, Udal Gobernuak adierazi bezala; Udaleko talde teknikoaren aldetik jasotako «tratu txarra» baizik, enpresak aditzera eman dienez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!