'Bolante baten historia' dokumentala Biterin, José Miguel Etxeberria 'Naparra'ren desagerpenaz

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 26a, 00:00
'Naparra'ren familiaren «transformazioa» dauka oinarri dokumentalak.

Gaur arratsaldeko 19:00etan jarriko dute, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten dokumentala. Doakoa izango da sarrera.

Pantaila haundiarekin hitzordu berezia izango dute gaur, hernaniarrek, Biteri kultur etxean. Izan ere, Bolante baten historia dokumentala eskainiko dute ber­tan, arratsaldeko 19:00etan ha­sita. José Miguel Etxeberria Álvarez Naparraren desagerpenari buruzkoa da dokumentala, Iñaki Alforjak eta Iban Toledok zuzendutakoa; eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten.

Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zen Naparra, eta 1980an desagerrarazi zuten: «behartutako desagarpen batek ez du soilik desagertuaren bizitza amaitzen; uretara botatako harri batek sortzen dituen uhinen antzera, orbain emozional bat uzten du familiarengan eta gizartearengan», dio dokumentalaren aurkezpenak.

Eta bertan, Enekok, José Miguelen anaiak, hartuko du «40 urtetik gora iraun duen bilaketaren lekukoa, anaiaren desagerpenak irekitako zauria sendatzeko asmoz».

Euskeraz eta gaztelaniaz grabatu dute dokumentala, eta euskeraz jarriko dute Biterin, azpitituluekin. Ordu eta erdiko iraupena izango du, eta Eneko Etxeberriaren eta bere familiaren «transformazioa» izango du oinarri dokumentalak, aztertzeko «nola egiten dion aurre gizarteak bere iraganari, eta nola egiten duen aurrera gatazka bortitz baten ondoren, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipio unibertsaletatik abiatuta».

2020ko urri­an hasi zen grabaketa, eta hainbat herritan egin zuten: Iruñean, Auritzen, Lizartzan, Hon­darribian, Donostian, Baionan, Ziburun, Hendaian, eta Fran­tziako Brocasen eta Labriten; azkeneko bi horietan egon liteke Naparraren gorpua, zenbait arrastoren arabera.

Dokumentala ikusteko, sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena eskuratu behar da aldez aurretik: Biterin bertan, edo kultura.hernani.eus webgunearen bitartez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!