EuroHockey Indoorreko txapeldun, Maider Altuna

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 26a, 00:00
Maider Altuna hernaniarra, txapeldunaren koparekin eta dominarekin.

Espainiako selekzioarekin aritu da hernaniarra, eta txapelketa irabazteaz gain, maila gorenera igoera ere lortu du.

Oso berezia izan da aurreko asteburua, Maider Altuna hernaniarrarentzat. Espainiako se­lek­­zioak hautatuta, EuroHockey In­door txapelketa lehiatu du Ourensen, Galizian; eta txapeldun izan da. Aretoko hockeyan, Europako bigarren mai­­lan dago Espainiako selekzioa, eta maila berekoekin jokatu du txapelketa. Horrela, maila gorenera igoera ere jokoan zegoen, txapelketako bi talde onenentzat.

12 jokalariko talderako aukeratu zuen selekzioak Altuna, eta ostiraletik igandera jokatu zuen txapelketa; baita maila ederrean jokatu ere. Protagonista izan da hernaniarra, txapelketako jokalari onenetako bat. Suitzaren kontra hasi zuten txapelketa, eta garaipen erosoan (5-0), bi gol lortu zituen Altunak. Beste gol bat egin zuen bigarren partiduan ere, Poloniari 4-3 irabazteko. Ostiralean izan zen hori, eta beste bi partidu jokatu zituzten larunbatean: Eskoziari 6-2 irabazi zioten, baina galdu egin zuten Belgikaren kontra (5-7). Emaitza horiekin, igandean Irlandari irabaziz gero, igoera lortuko zukeen Espainiak, eta hala egin zuen: 4-0 nagusitu zen, hernaniarra berriro protagonista zela, goletako bat lortuta.

Baina igoera bakarrik ez, txa­peldun izatea ere lortu zuten, Belgikak Suitzaren kontra berdindu zuelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!