Maialen trainerua berriro uretara, Portugaleteko Jaitsierarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 26a, 00:00
Portugaleten izan zuen estreinako lehia Maialenek, etenaldi luzearen ondoren.

Igandean izan zuen estreinako estropada, eta zazpigarren sailkatu ziren, 11 traineruren artean.

Ez zen nolanahiko igandea izan, Hernaniko Arraun Elkartearentzat. Etenaldi luzearen ondoren, berriro uretaratu zuten Maialen trainerua, Portugaleteko Jaitsieran parte hartzeko.

Dozenaka traineru aritu zi­ren estropada horretan, horietatik 11 emakumezkoenak. Eta zazpigarren sailkatu zen traineru hernaniarra, 14:32 denborarekin; Hibaika irabazleak baino 37 segundu gehiago. Edonola ere, emaitzetatik harago, «oso pozik» agertu da Hernaniko Arraun Elkartea, Maialen berriro ere uretan lehiatzen ikustearekin.

Portugaletekoa ez zen izan asteburuko estropada bakarra, arraunlari hernaniarrentzat. Gipuzkoako Batel Ligaren bigarren hitzordua zeukaten Pasai San Pedron, larunbat goizean; eta Hernaniko zazpi batel aritu ziren bertan, bost kategoriatan.

Klubeko gaztetxoenei dago­ki­enez, lau­garren izan ziren Hernaniko mutil infantilak, 13 batelen artean, 5:36 denborarekin. Eta neska infantilak zazpigarren sailkatu ziren, beste 13 batel lehian zirela, 6:02 denbora eginda. Promesen kategorian, berriz, hirugarren sailkatu zen mutilen batela (7:26), bederatzi partehartzaileren artean; eta maila ederrean aritu ziren nesken hiru batelak: laugarren izan zen Hernani A (7:52), zazpigarren Hernani B (8:15), eta 10garren Hernani C (8:31), 15 batelen artean.

Eta azkenik, neska jubeniletan ere izan zen Hernaniko talde bat, parte hartu zuten zortzi batelen artean: hirugarren sailkatu ziren hernaniarrak, 10:37 denborarekin; San Juan irabazleak baino 17 segundu gehiago. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!