«Couthek garbi adierazi zigun, oso onak zirela Zubietan kokatzeko eskaini zizkioten baldintza ekonomikoak»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 25a, 00:00
Patxi Ibarguren eta Mattin Aldaia zinegotziak, atzoko agerraldian.

Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak argitu du, ekonomikoak izan zirela Couth enpresa Galarretan ez kokatzeko arrazoiak; eta EAJri eta PSE-EEri eskatu die, «lehia alderdikoia» utzi dezatela, eta «behingoagatik» lanean aritu daitezela «hernaniarron interesen alde».

Joan den astean jakinarazi zuten, Couth enpresak atzera egin duela Galarretako Parke Teknologikora mugitzeko asmoan; eta Zubietako industriagunean kokatuko dela azkenik. Horren harira, bere ikuspuntua eman zuen Hernaniko Udalak, eta bai­ta oposizioko bi alderdik ere: Udal Gobernu Taldearen kudeaketa kritikatu zuten Hernaniko EAJ-PNVk eta PSE-EEk.

Kritika horiei erantzun nahi izan die Gobernu Taldeak, eta agerraldia egin zuten Mattin Aldaia eta Patxi Ibarguren zinegotziek, atzo eguerdian. Bertan adierazi zuten, «harriduraz» ja­so zutela Couth enpresaren erabakia, eta baita oposizioko bi alderdien adierazpenak ere: «publikoki aurkakoa esan arren, badakite Udalak bere esku dagoen guztia egin duela Couth enpresa Galarretan geratzeko. Bi alderdiek benetan baldin badaukate hernaniarrekiko konpromisoa, bada garaia komunikabideei be­­girako estrategiak alboratu, eta Udalean duten ordezkaritza zein Couth enpresarekin dituzten harremanak baliatzeko, eta behingoagatik, hernaniarron in­­teresen alde lanean aritzeko. Utzi ezazue lehia alderdikoiaren bidea, eta egin bat Udalaren bidearekin. Baduzue garaia, zuek ere hernaniarren enplegu eta bizi baldintzen alde egiteko», adierazi zuen Ibargurenek.

Aldaiak, berriz, Couth enpresarekin izandako harremanen nondik norakoak azaldu zituen: «iazko uztailean aurkeztu ziguten eraikin berria egiteko proiektua, eta Hernanin errotutako enpresa izanik, eraikin berria ere herrian egiteko asmoa adierazi zuten hasiera-hasieratik. Are gehiago, ez zuten industriagune batean eraiki nahi; Galarretako parke teknologikoan eraiki nahi zutela oso garbi utzi zuten. Oso garrantzitsua zen hori beraientzat, ekoizpenetik ikerketa eta garapen arlora egingo duten jauzia irudikatzeko».

Elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu zuten Couthek, Udalak eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak (berak kudeatzen ditu Galarretako parkea eta lurrak), eta epeak finkatu zituzten. «Udaleko Hirigintza Saila proiektuarekin lanean ha­si zen, eta udaz geroztik, xehe­tasun az­terketa, segregazio lizentzia eta Eusko Jaurlaritzaren esku da­goen jarduera lizentziari oniritzia eman zitzaion. Azaroaren 25erako zeuzkan lizentzia guztiak, adostutako epean. Exekuzio proiektua lantzen hasi ziren orduan, baina azken xehetasunak lantzen ari zirenean, erabat aldatu zen enpresako arduradunen jarrera, abenduan: jakinarazi ziguten, Zubietako industriagunean kokatzeko eskaintza jaso zutela, oso eskaintza ona zela, eta hori aztertzen ari zirela», azaldu zuen Aldaiak. Edonola ere, Udalak obrak hasteko baimena eman zion Couth enpresari: «baina hurrengo as­tean, urtarrilaren 13an, jaki­na­razi zigun behin betiko erabakia hartua zuela, eta Zubietan eraikitzeko proposamena onartu zuela. Garbi adierazi ziguten, bal­dintza ekonomikoak oso onak zirela, eta hara joateko era­bakia hartu zuten».

Zentzu horretan, Coutheko arduradunek «hedabide batean» egindako adierazpenei erantzun zien Aldaiak: «aipatu zuten, arlo teknikoarekin izandako burokrazia arazoak zirela kokalekua aldatzeko arrazoia, baina hori gezurra da. Arlo ekonomikoa izan da arrazoia. Eta goraipatu nahi dugu hirigintza teknikariek egindako lana eta erakutsitako profesionaltasuna».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!