Amiantoaren inguruko epaiketa etzi, biriketako minbiziagatik hil zen langile hernaniar baten kasuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 25a, 00:00

Kalte ordaina eskatu die familiak Cofivacasa eta Sidenor enpresei, eta kontzentrazioa egingo du Asviamiek, Donostiako Auzitegiaren aurrean, babesa erakusteko.

Amiantoarekin lotutako beste epaiketa bat izango da etzi, ostegunarekin, Donostiako Auzite­gian. Jose V.C. langile hernaniarraren kasua epaituko dute bertan: biriketako minbiziagatik hil zen, 2020ko azaroan, Pedro Orbegozo-Acenor enpresan lanean aritu ondoren.

Haren familiak 158.188,11 euroko kalte ordaina eskatu die Cofivacasa eta Sidenor enpresei, Pedro Orbegozo-Acenorren oinordeko diren aldetik. Hernaniarra­ren senideei babesa erakusteko, kontzentrazioa deitu du Asviamiek (Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartea), Donostiako Auzitegiaren aurrean, goizeko 11:40etatik 12:10etara. Eta, horrekin batera, eskatuko dute konpentsazio funts baten sorrera.

Asviamiek berak azaldu duenez, 1964 eta 2000 urteen artean aritu zen Jose V.C. Pedro Orbegozon eta Acenorren lanean, laminatzaile gisa aurrena eta llantaren laminazioko taldearen buru ondoren. «Bere lanean, ohikoa eta beharrezkoa zen aire, elektrizitate eta ur mangerak amiantozko zintekin babestea, gori-gorian zeuden barrek erre ez zitzaten. Eta ohikoa zen, baita ere, amiantozko lokarri eta plantxen erabilera», dio Asviamiek. Eta azaldu du, laminazio prozesu hori eskuz egiten zutela 1984ra arte, eta hortik aurrera ere, sistema hidraulikoak amiantoz estalita zeudela. Jose V.C. langileari dagokionez, gainera, adierazi du aurreneko urteetan «laminatu behar ziren palankillak berotzeko labeetako hondakina garbitzen» aritu zela.

«Amiantoarekin eta bestelako elementu toxikoekin kontaktuan aritu zen lanean, enpresak inolako prebentzio neurririk har­­tu gabe, legeak eskatzen zituen arren», gaineratu du.

2020ko azaroan hil zen Jose V.C., jatorri profesionaleko biriketako minbiziaren eraginez, Donostiako Ospitalearen txostenaren arabera. Urte bereko abenduan, Gizarte Segurantzak aitortu zuen laneko gaixotasunak eragin zuela heriotza. Ordurako, 2019ko apirilean, Osalanen txostenak ondorioztatua zuen Jose V.C. langileak amiantozko materialak manipulatu ahal izan zituela, eta amiantozko fi­bra kantzerijenoak arnastu.

2020ko azaroan eman zuen epaia Donostiako Auzitegiak, Sidenor eta Cofivacasa enpresak zigortuz 301.456 euroko kalte ordaina ordaintzera, segurtasun neurrien faltagatik, langileak berak bizi zela egindako salaketagatik. Epai hori Euskadiko Auzitegi Gorenak berretsi zuen. Eta orain, langilearen heriotzagatik, 158.188,11 euroko kalte ordaina eskatu du familiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!