'Maialen' ontzia itzuli da traineru estropadetara

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 25a, 00:00

Portugaleteko jaitsieran zazpigarren amaitu zuen Hernaniko traineruak; eta Hibaikak, hernaniarrekin tostetan, irabazi zuen.

Maialen trainerua bueltan da uretan, eta igandean bere aurtengo lehenengo estropada jokatu zuen Portugaleteko uretan. Bertan, denboraldiko lehendabizitako jaitsieran hartu zuen parte, eta zazpigarren amaitu zuten neska hernaniarrek.

Hasierako helburua trainerua uretan ikustea da, eta esan liteke mugarri hori bete eta apurtu duela. Gainera, emaitza ez da batere txarra izan. Guztira,  hamaika traineruk parte hartu zuten eta, beraz, atzetik lau ontzi utzi zituen Maialenek. Etxeko trainerua, Deusto B, Mundaka eta Mediterraneo traineruak gainditu zituen. Bere aurretik, seigarren postuan, Isuntza sailkatu zen.

Estropada Hibaikak irabazi zuen, bertan Hernaniko arraunlari bat baino gehiagorekin. 13 minutu eta 54 segundoko denbora egin zuten garaileek eta Hernanik 14 minutu eta 32 segundo behar izan zuen jaitsiera osatzeko. Hibaikaren maila ezagututa eta lehendabiziko estropada izanda, 37 segundora sailkatzea ez da denbora makala.

 

Batel ligan, San Pedron postu onak hainbat mailatan

Larunbatean, Gipuzkoako batel ligako bigarren jardunaldia jokatu zen Pasai San Pedron, eta klubeko arduradunak gustura agertu dira lortutako emaitzekin. Guztira zazpi batel hernaniarrek hartu zuten parte infantil, kadete, jubenil eta promesa mailan. Promesa mutilek eta jubenil neskek hirugarren amaitu zuten, infantil mutilek laugarren postua lortu zuten, promesa neskek bezalaxe. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!