Ernaik ez du onartzen Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren epaiketa

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 24a, 00:00

Auzitegi Gorenaren ebazpena egun batetik bestera jaso dezakete, pasa den urtean Auzitegi Nazionalak lau urteko kartzela zigorra jarri ondotik.

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei lau urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak orain urtebete «armak eta munizioak gorde» zituztela  egotzita eta laster espero dute Auzitegi Gorenaren epaia. Epaiaren zain eta orduko erabakiaren ondotik Hernaniko Ernaik ez du onartzen bi gazte arabarren aurkako epaiketarik. «Lehenik eta behin, gure elkarkasun guztia eta besarkadarik beroena Aitor eta Galderrentzat. Argi diogu ez dugula onartzen epaiketa bera. Aitor eta Galder Euskal Herrian aske nahi eta behar ditugu».


Espainiar estatuak «berriro ere, makinaria errepresibo guztia» martxan jarri duela salatzen du Ernaik. «Justizia deitzen dioten legedi faxistaren bidez epaitu dituzte Aitor eta Galder; herri honen askatasun grina zapuzteko sortu zuten salbuespen legediaz. Hori dela eta, gazteok ez dugu onartzen injustizian oinarritutako epaiketa hau, gazteria zigortzea eta beldurtzea baitu helburu. Eta ozen diogu, ez dugula absoluzioa ez den beste epairik onartuko».


Hernaniko Ernairen esanetan: «herri honetako gazteok ondo eta gertutik ezagutzen dugu espainiar estatuaren aparatu errepresiboa. Ondo dakigu zein den espainiar proiektuaren zein bere oinarriak astintzeko borrokatzen duten herri eta militanteen kontra aktibatzen duten makinaria errepresiboa: epaiketak eta prozesu judizialak, indar polizialen jazarpena, mehatxu eta bortizkeria, isun ekonomikoak, manipulazio mediatikoa... Gure borrokarako grina eta konpromisoa zapaltzeko asko dira baliatzen dituzten azpijoko eta erasoak. Baina ez dute lortuko gazteon konbentzimendutik eta borrokarako egin dugun haututik deslotzea».


Azkenik, «belaunaldiz belaunaldi, hainbat eta hainbat gaztek, Aitor eta Galderrek barne, beste Euskal Herri bat eraikitzeko egindako ekarpena» goraipatu eta gogora ekarri nahi du Ernaik. «Haria eten ez dadin, gure konpromisoa adierazten dugu. Jakin badakigu borroka honek piztuta dirauen bitartean, errepresioa eta jazarpena existituko direla. Baina gazte belaunaldi honek ere, injustizia guztien gainetik, Euskal Herri feminista, sozialista eta euskalduna lortzeko borrokatzeko hautua hartuta dauka».


«Errepresio kasu honek, borrokan jarraitzeko arrazoi bat gehiago besterik» ez omen die ematen. «Argi geratzen baita, ezer aldatzeko prest ez dagoen erregimen autoritarioaren aurrrean aukera bakarra dugula: independentzia. Hori dela eta, gazteon elkartasun onena zigortzen duten borroka berarekin jarraitzea izango da. Ez dute lortuko gu gelditzerik», diote Ernaitik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!