Hernanik laugarren amaitu du lehenengo fasea Zarautzen 17-39 irabazi eta gero

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 24a, 00:00

Oier Garmendia taldera itzuli da azken partiduetan. HCRE

Hernanik, Oho­rezko B Mailan, lehenengo faseko azken partidua 17-39 irabazi zuen, larunbatean Astin, Zarautzen aurka. Garaipen batekin bukatu nahi zuten fasea trikoloreek eta helburua bete zuten partidu sendo batekin.


Ia mirari bat behar zuen Hernanik, igoeraren lehian jarraitu ahal izateko, baina ez zen horrelakorik gertatu. Getxok etxeko lanak egin zituen Faduran eta Uribealdea 54-8 garaitu zuen. Beraz, Hernanik laugarren amaitu du lehenengo fasea eta igoerako borrokatik kanpora geratu da. 
Multzoko aurreneko hiru sailkatuek lortu dute sailkapena; Belenosek, Getxok eta Independientek. Getxoren azken partiduaren faltan, Hernanik 40 punturekin amaitu du zortzi garaipen eta hiru porrotekin eta Independienterengandik lau puntura geratu da. Getxok azken partidua irabaziz gero bigarren amaituko du larunbatean Independientek, Gaztediren aurka, Gasteizen galdu ondoren. 


Hernanik galdutako hiru partiduak lehenengo hiru sailkatuen aurka izan dira hain justu. Aurkari ahulagoen aurka ez du hutsik egin, baina bere mailako edo maila hobeagoko taldeen aurka ez du puntu bakarra eskuratu.  


Oraingo multzoko azkeneko zortzi taldeekin ariko da Hernani, bigarren fasean ere. Horretan, kontutan hartuko dira zortzi talde horien kontra jokatutako partiduen emaitzak: Hernanik, zortzitik zortzi dauzka irabazita, guztiak erasoko bonusa lortuta. Eta bigarren fasean, beste behin jokatuko luke, horien guztien kontra. 


Bigarren zatiaren hasieran erabaki zen partidua
Larunbateko partiduari dagokionez, Hernanik urteko partidurik onenetakoa jokatu zuen. Hasieratik sendo, 0-12 aurreratu ziren bisitariak. Hala ere, Zarautzek markagailua estutu zuen ordu erdi pasa zenean, 10-12, baina Hernanik partidua erabakita utzi zuen bigarren zatiko lehenengo minutuetan. Atsedenaldira 10-17 iritsi ziren bi taldeak eta 47garren minuturako markagailua 10-27koa zen Hernaniren alde. Hala ere, makiletarako jaurtiketetan arazoak dituzte hernaniarrek. Zazpi entsegu lortu ziren, horietako bat zigor entsegua, beraz sei aukera egon ziren gauzatzeko eta bakarra lortu zen

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!