Osakidetzaren egoera larria salatzeko gaur manifestazioa, Boulevardetik

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 23a, 00:00

Mobilizazio ugari egin dira azken bi urteetan.

«Lehen mailako arretak kolapso egoeran jarraitzen du, pandemiaren aurreko egitura gabeziak direla eta», ohartarazi dute langileek.

Sindikatuek deituta gaur EAEko hiru hiriburuetan manifestazioak antolatu dira, pandemiaren aurreko «egiturazko gabeziek» Osakidetzaren lehen mailako arretan «kolapso egoera» eragin dutela salatzeko: «Lehen mailako arretak kolapso egoeran jarraitzen du, pandemiaren aurreko egitura gabeziak direla eta. Covid protokoloetan egindako azken aldaketek egoera horren ondorio dira», diote.

 

Donostian izango da manifestazioa, 12:00etan

Egoera horren aurrean, gaur, kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei eta Osakidetzako langileei, lehen mailako arretaren «egoera larria» eta ospitaleetako arretaren gainkarga salatzeko eta «berehalako neurriak» eskatzeko. Manifestazioak antolatuko dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan, eta Donostiako mobilizazioa 12:00etan abiatuko da Boulevardetik.

Covid-19aren pandemiaren seigarren olatuarekin, egoerak okerrera egin duela ohartarazi dute. «Plantilen eskasia hain da nabarmena, ezen Osakidetzak, besteak beste, autotest neurriak ezarri dituen; hau da, paziente bakoitzak bere lagina jaso dezala, horiek jasotzeko langile nahikorik ez dagoelako», kritikatu dute. «Zoritxarrez, egoera hori ez da pandemiaren ondorio. Gaur egungo osasun krisiak are gehiago larriagotu du pandemiaren aurretik zegoen egiturazko egoera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!