Atzo arratsaldean izan zen, Iturolan, Hernaniko Energia Berriztagarrien Komunitatearen batzar eratzailea. Enherkom kooperatiba sortu zen, eta komunitatearen helburuen berri emateaz gain, taldeko kargu ofizialak izendatu zituzten. Argi utzi zuten erabakiak eta kooperatibaren erritmoak «orain arte bezalaxe, bazkideen esku» egongo direla. Horrekin, deialdia luzatu diete herritarrei, elkarteei, eragileei eta enpresei bazkide egiteko. Bazkide izateko, 10 euroko ordainketa bakarra egin beharko da. Interesa dutenek edo informazio gehiago behar dutenek, idatzi honako helbide honetara: info@enherkom.eus.
Administrazio publikoa, enpresak eta herritarrak barnebiltzen ditu Enherkomek, eta energia berriztagarrien komunitatea sortu dute irabazi asmorik gabeko kooperatiba gisa. Atzoko batzarrean azpimarratu zutenez, helburua da «trantsizio energetikoa sustatzea modu partehartzaile, demokratikoan eta kolektiboan».