Couth enpresa Zubietako industriagunean kokatuko da

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 22a, 00:00
Asmoa zen Couth enpresaren beste eraikina Orona ondoan eraikitzea.

Galarretako parke-teknologikoan eraikitzekoa bazen ere, Zubietan egingo dute eraikina. Udalak «harridura» adierazi du aldaketaren aurrean.

HERNANI  COUTH

Joan den urteko maiatzean jakitera eman zutenez, Couth enpresa hernaniarraren beste eraikin bat Galarretako parke-teknologikoan kokatzeko lanean hasi ziren enpresa bera eta Udala. Aurreratu zuten 3.000 metro koadroko azalera izango zuela eta, horrekin batera, beste 20 lanpostu ere sortuko zirela. Nolanahi ere, azken orduko aldaketak medio, Oronan beharrean, Couth enpresa Donostiako Zubieta industriagunean kokatuko da.

 

Azken momentuko erabakia

Aldaketa horren aurrean, Udalak «harridura» adierazi du. Argi utzi du Couth enpresak Udalari eraikin berriaren proiektua Galarretako parke-teknologikoan kokatzeko «nahia» adierazi zion unetik, «Udalak ahalegin guztiak egin dituela enpresaren eskaerekin bete, baliabide guztiak jarri eta lanpostu horiek guztiak herrian gelditzearen alde».

Era berean, Udalak gehitu du azken ukituak aztertzen ari zirenean gertatu dela ezustekoa. «Couthek Hernaniko parke-teknologikoan kokatzeko eskaria aintzat hartu zuen bai Hernaniko Udalak bai Parke-Euskadiko Parke Teknologikoak kudeatzen dituen erakundeak. Baina, proiektua gauzatzeko azken xehetasunak lantzen ari zirenean, jakinarazi zioten Udalari Zubietako industriagunean kokatzeko eskaintza jaso zutela eta proiektua lekuz aldatzea erabaki zutela».

Erabaki hori ikusita, Udalak nabarmendu du «aurrerantzean ere hernaniarrek ezinbesteko dituzten lanpostuak herrian gelditzeko Udalaren esku dauden baliabide guztiak jartzen jarraituko duela».

 

PSE-EEk eta EAJ-PNVk «EH Bilduren kudeaketa txarrari» egotzi dio gertatutakoa

Albistearen berri izatean, PSE-EEk eta EAJ-PNVk berehala eman dute erantzuna, eta haserrea adierazi dute gertatutakoaren bueltan. Alderdi sozialistak «kaltegarritzat» jo du Couth Galarretan ez instalatzeko hartutako erabakia. Ricardo Crespo Udal talde sozialistaren bozeramaileak EH Bilduren «kudeaketa txarrari» egotzi dio «Galarretan haunditzeko proiektuarekin aurrera ez egitea». Salatu du 2021eko maiatzean EH Bilduk «kea saldu» zuela, izan ere, «proiektua itxi gabe zegoenean argitaratu zen enpresaren zabalkundea, itxaropen faltsuak eta ilusio zapuztuak sortuz».

Era berean, EAJ-PNVk ere Udalaren kudeaketa salatu du: «Galarretako Parke Teknologikoak eta Couthek lan haundia egin dute akordio batera iristeko, eta Udalarekin hasierako akordio bat lortu bazuten ere, Couthek Hernanitik alde egitea erabaki du». Alderdi jeltzaleak EH Bilduk «gezurra» esan duela gehitu du. «Coutheko bozeramaileak esan digu ez dela egia Teknologia Parkearen, Couthen eta Udalaren artean enpresa hori Galarretan jartzeko egiten ari ziren lanean Zubietako industrialdetik proposamen bat jaso zuenik. Coutheko CEOak esan digu Zubieta izan zela aztertu zen lehen aukera, baina Hernanirekin errotzeagatik Galarretako egoitza proiektatu eta garatu zela. Gaur Couthek gehiago inbertitu beharko du Galarretarako idatzita zegoen proiektua Zubietara egokitzeko: noizbait, EH Bilduk bere akatsak onartzen hasi beharko luke».

Albistea «negargarria» dela esan du PSE-EEk, «Couth haunditzeak 20 lanpostu kualifikatu berri inguru sortu behar zituelako. Gainera, 20 postu horietatik batzuk Hernaniko bizilagun berriak izan zitezkeen. Hernanin eguneroko bizimodua eraman, Hernanin erosi, seme-alabak Hernaniko ikastolara eraman eta abar zezaketen familiak».

Andoni Amonarraiz EAJ-PNVko bozeramailearen esanetan ere tamalgarria da egoera: «deprimitzeko modukoa da ikustea gure herriak, urteetan gure inguruan erreferente izan denak, Hernanin aberastasuna sortzen duten enpresak galtzen dituela ikustea. Hernanitik joan behar dute hazi egin nahi duten enpresek (Couthek) edo Hernanin hazi ezin dutenek (Loire), eta dena EH Bilduren ikuspegi eskasagatik. Enpresa munduan barneratua dagoen mantra batek hauxe dio: ezinezkoa da Hernanin enpresa bat sortzea».

Gertatutakoa «EH Bilduren politika industrialaren porrotaren» ondorioa dela gehitu du alderdi sozialistak, eta jarrera aldatzeko eskatu dio gobernu-taldeari. «Erabakietan eta Udal barneko kudeaketan huts egin du, eta Hernani enpresak erakartzeko gaitasuna galtzen ari da. Orain, Covid-19ak eragindako krisi ekonomikotik eta sozialetik ateratzeko, gure inguruko beste udalerri batzuekiko lehiakorrak izan behar dugu; aukera guztiak aprobetxatu behar ditugu eta abileziarekin mugitu behar gara». k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!