Sagardotegietara joateko autobus zerbitzua, otsailaren lehenengo asteburutik aurrera jarriko da martxan, baina oraindik ordutegiak zehaztu gabe daudela jakinarazi du Hernaniko Udalak «Loiditik Altzuetara doan bidea oraindik itxita baitago».
Urtero, autobusa Zinkoeneatik irteten da, eta bueltako geldialdia ere bertan egiten du. Osinagatik egiten duen ibilbidean honako sagardotegiak hartzen ditu: Itxas-Buru, Altzueta, Goiko Lastola, Iparragirre eta Otsua-Enea.
Aipatu moduan, aurtengo autobus zerbitzuan aldaketak daude, izan ere, duela pare bat aste, urtarrilaren 8ko asteburuan hain zuzen ere, euriteen ondorioz lur-jausiak egon ziren Loiditik Altzuetarako bidean, eta horrek bertako bidea ixtea eragin zuen. Beraz, Loiditik Altzuetarako bideak itxita jarraitzen du eta Lepatxikiko bidea ere itxita mantentzen dela dio Udalak. Altzueta, Iparragirre eta Elorrabira joateko, Lastaolakoa da bide alternatiboa.
Ondorioz, autobus zerbitzuak eskainiko duen ordutegia, oraindik ez dutela finkatu helarazi du Udalak: «Altzuetako bide hori itxita dagoenez, autobus gidariak ikusi behar du nola moldatzen den ibilbidea osatzeko, eta modu seguru batean bidaiatzeko. Beraz, horren arabera ordutegiak alda daitezke». Hala ere, autobus gidariak ibilbidea osatzen duenean, aurtengo autobus zerbtzuen ordutegiak zeintzuk izango diren aditzera emango da Kronikan.
Autobus zerbitzuaz gain, herritarrentzat eta bisitan etortzen diren sagardozaleentzat turismo informazio puntua irekitzen da txotx denboraldian zehar. Zinkoenean dago postua, eta otsailetik apirilera arteko asteburu guztietan egongo da irekita. Hiriguneko bisita gidatuak ere eskaintzen dira, astebururo, goizeko 11:00etan hasita. Bertan parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea, baina gomendagarria dela aipatu dute. Beraz, apuntatu nahi duenak, telefono honetara deitu behar du: 943 33 70 28 edo helbide elektroniko honetara idatzi: turismoa@hernani.eus.