Doberak antolatuta, bueltan da 'Bota bertsoa!' bertso paper lehiaketa txikia

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 22a, 00:00

Egin beharrekoa da bertsoa osatu, izen-abizenak eta telefonoa jarri eta papera kutxan sartu.

VIII. edizioa da aurtengoa, eta aukeratutako gaia hauxe da: Berriro itzuliko balitz... Bakoitzak nahi duen doinuan eta neurrian bota dezake bertsoa, eta, aurten, gainera, betiko dinamikari jarraituz, bertsoa sagardotegietan idazteko aukera izango da. Martxoaren 27a da proposamenak aurkezteko azken eguna.

Urteroko zitari eutsiz, txotx denboraldiarekin batera, Bota bertsoa! bertso-paper lehiaketa txikia antolatu du Dobera Euskara Elkarteak. VIII. edizioa da aurtengoa, eta «indarberrituta eta ilusio haundiz» antolatu dutela aitortu dute Doberako kideek. Izan ere, osasun egoera medio, joan den urtean formatu ezberdinean egin behar izan zen lehiaketa, bertsoak helbide elektroniko bidez bidalita. Aurten, ordea, orain arteko dinamikari helduko diote, eta, beraz, emailez bidaltzeko aukeraz gain, bertsoak sagardotegietan idazteko aukera ere egongo da.

«Berriro itzuliko balitz...»

Aurtengo gaiak, gainera, jokoa emango die sagardozale eta bertsozaleei: Berriro itzuliko balitz... Horixe da edizio honetarako aukeratutakoa. «Buruari eragin bazkaldu bitartean, eta lagunekin, familiakoekin edota bakarrik idatzi dezakezue bertsoa», aipatu dute.

Betiko moduan, sagardotegi guztietan egongo da idatzitako bertsoak uzteko kutxa. «Hortaz, egin beharrekoa da bertsoa osatu norberak nahi duen doinuan eta neurrian, izen-abizenak eta telefonoa jarri, eta papera kutxan sartu», aurreratu dute Doberako kideek. Horrez gain, aipatu moduan, bertsoa emailez
aurkezteko aukera ere egongo da. Horretarako, identifikazio datuak jarri eta bidali bertsoa dobera@dobera.eus helbidera.

«Sari mordoa izango ditugu aurtengo edizioan ere»


Parte hartzeko epea martxoaren 27ra arte izango da, eta partehartzaileen artean sariak banatuko dira aurten ere. Ez dira nolanahikoak, gainera: beste hainbaten artean, jokoan izango dira bi lagunentzat otorduak, sagardo-kaxak, Bertsolari Txapelketa Nagusirako sarrerak, Reala eta Bartzelonaren aurkako
partidurako sarrerak, eta beste asko.

Sari banaketa, era berean, apirilaren 8an izango da, Atsegindegin, arratsaldeko 19:00etan.

Beraz, animatu eta parte hartu lehiaketan, sagarraren, sagardoaren eta bertsolaritzaren kulturaz gozatzeko aukera ederra baita Doberak proposatutakoa.

Gogoratu: berriro itzuliko balitz... Ondo pasa, gozatu eta bota bertsoa!

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!