'Elkartasun borobila' ospatuko da Txantxillan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 22a, 00:00

ELA duen bizilagun bati babes ekonomikoa eta soziala emateko helburuz, bi eguneko egitaraua izango da.

Elkartasun borobila izeneko festa antolatu dute Txantxillako Jai Batzordeko kideek ELA gaixotasuna duen bizilagun bati «babes ekonomikoa eta soziala emateko». Bi eguneko egitaraua prestatu dute horretarako, eta datorren ostiralean eta larunbatean, hilaren 28an eta 29an, egingo dute ospakizuna.

«Auzolanean» prestatu dituzte ekintzak, eta hainbat egiteko izango dira bi egunetan. Horregatik, bertaratzeko deia luzatu diete Txantxillako bizilagunei ez ezik, gainerako hernaniarrei ere.

Ostiralean emango diote hasiera egitarauari, arratsaldeko 19:00etan. Segidan, Txikiren umorezko bakarrizketa izango da: 40 urte ta aldapan behera. Azkenik, eguna ezin hobe amaitzeko, elkartasun-pintxoak eta DJ Monkeyren emanaldia izango dira.

Larunbatean, berriz, goizean goizetik jarraituko dute festa. 11:00etan, haur jolasak eta toka izango dira. Gero, 12:00etan, sagardo dastaketa eta elkartasun-pintxoak dastatzeko aukera eskainiko da. Bazkalostean, 16:30etan, bingoa egingo dute eta, jarraian, 17:00etan, jolas kooperatiboak. Asteburua borobil bukatzeko, 18:30etan, argazki erraldoia aterako dute elkarrekin, eta, eguna ixteko, DJ Monkeyk itxiko du festa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!