«Eskatzen dugu herriko banketxetako sukurtsaletan begirunez eta behar bezalako arretaz erantzutea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 22a, 00:00

Pentsiodunen kolektiboak lau urte bete zituen urtarrilaren 15ean, astelehenero Plazan elkartzen hasi zirenetik.

Pentsiodunen kolektiboak lau urte bete zituen joan den astean, astelehenero Plazan aldarrikapenak egiten hasi zenetik, eta hiru eskaera egin dizkio Udalari, herriko banketxetan arreta duina eta kalitatezkoa jasotzeko

Hernaniko pentsiodunen kolektiboak Udaleko Osoko Bilkura osatzen duten taldeei proposatu die hurrengo osoko bilkuran, «behar bezala arrazoitutako gure eskaerak kontuan hartzeko eta Hernaniko banketxetako sukurtsaletara bidaltzeko».
Joan den urtarrilaren 15ean, erretiratu eta pentsiodunen kolektiboak laugarren urtea bete du kalean. «Herritar gisa dagozkigun eskubideen defentsa helburu, eta behar besteko pentsio duina izateko eskubidea ez ezik, kalitatezko osasun zerbitzuak aldarrikatu ditugu astelehenero», aipatu dute. Izan ere, astelehenero dute hitzordua, Plazan, eta tarteka ere erakundeetara joaten dira aldarrikapenak egitera.

Kalitatezko arreta, herriko banketxeetan eta leihatiletan
Pentsiodunen kolektiboak herriko banketxetako arreta kalitatezkoa eta duina izatea eskatu du. «Azken hilabete eta urteetan, kolektibo honetako pertsonek bere pentsioen kudeaketak egiteko banku eta kutxen zerbitzuak murriztearen ondorioak jasan ditu, ilara amaigabeetan egotera behartuz eta leihatilako kudeaketa presentzialei trabak jarriz. Horregatik, eskatzen dugu Hernaniko bankuetako sukurtsaletan, begirunez eta behar bezalako arretaz erantzutea banku-eragiketak leihatilan egitea erabakitzen duten guztiei».

Zehazki, hiru eskaera egin dizkio Osoko Bilkurari: «batetik, Udalak eska diezaiela herriko banketxe guztiei arreta-modalitate hori behar duten erabiltzaileentzako arreta zuzeneko leihatilak irekita edukitzea lanaldi osoan; bestetik, leku itxietara sartzeko neurriak dirauten bitartean eta/edo pertsonen arteko distantziak zaindu behar diren bitartean, eta horiek eta behar den beste edozein neurri betez, sukurtsal bakoitzean behar besteko edukiera izango duen itxarongela gaitzea, bezero-ilarak kalean ez sortzeko edo, gutxienez, murrizteko; eta, azkenik, bazter ditzatela diskriminazio mota oro, eta saihestu banku-kudeaketa operatibo elektronikoei buruzko informazioa espreski eskatzen ez duten pertsonak trebatzeko saiakerak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!