Sagarra, sagardoa, sagardogilea eta kupela izango dira, besteak beste, datozen hilabeteetako protagonista nagusiak Hernanin, dagoeneko hasi baita txotx denboraldia. Urte honetan, pandemia medio, hernaniarrek ez dute aukerarik izan herriko txotx irekiera ekitaldiaz gozatzeko, baina sagardotegi denboraldia dagoeneko ireki da, eta 2021eko «uzta ederra» dastatzeko parada izango dute herritarrek.
Txotx irekierarik ez, baina sagardoarekin lotutako «egun berezia» ospatuko dela iragarri du Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak: «txotxak indar haundia
badu ere, sagardo sektorearentzat eta sagardozalearentzat garrantzitsua da botilako uzta berria». 2019garren urtean egin zen aurrenekoz Uztaberri eguna,
eta azken bi urteetan ez zen bere horretan antolatu, beraz, aurtengo aukerak zeintzuk diren erabakitzen dabiltza: «egoera zein izango den ezin dugunez
jakin, antolatzen ari gara, eta laster erabakiko dugu zer egingo dugun». Printzipioz botilako uzta berriaren aurkezpena maiatzean edo ekainean egingo dutela aurreikusi dute.
Neurriak herrian, txotx denboraldirako
Munduko txoko ezberdinetako bisitari ugari izaten dira Hernaniko txotx denboraldian eta kopurua ez denez txikia, herritarrengatik kezka sortzen
da. Horregatik, Hernaniko Udalak, neurri ugari hartzeaz gain, eskaintzen dituen zerbitzuak indartzen ditu, hala nola, kaleetako garbiketa, Udaltzaingoaren
zerbitzua, eta sexu erasoen aurkako protokoloa martxan jartzea.
Asteburuetako garbiketa «sakonagoa» egingo dute Kaxkoan, eta joan den urtean kaleko komunak jarri zituzten Plaza Berrin, Atzieta Kalean, Zinkoenean, Herriko Plazan eta Ibaiondo aparkalekuan. Hala ere, Udalak dio kaleko komunen informazioa, LABIk neurriak ezartzen dituenean emando dela.
Herritarren segurtasuna bermatzeko, txotx denboraldiak iraun bitartean, Udaltzaingoaren zerbitzua indartuko da, eta aditzera eman dute aurtengoan
ez dutela informazio gunea jarriko: «oraindik ez baitakigu nola joango den txotx denboraldia, eta printzipioz erabaki dugu Plazako informazio eta
segurtasun gunea ez jartzea, pilaketak saiheste aldera». Hala ere, aipatu moduan, Udaltzaingoaren zerbitzua indartu egingo da Kaxkoan zehar eta
Andoni Pikabea Udaltzainburuak honakoak gaineratu du: «liskarrak edo erasoak gertatuz gero, herritarren segurtasuna bermatu nahi dugu».
Urtero moduan, kalean pixa egiteak izango du ondorioa: 200 euroko isuna; 60 euro momentuan ordainduz gero. Hau saihesteko kartelak jarriko dira
pasabideetan eta ezkutuan dauden zenbait txokotan.
Eraso sexisten aurrean, protokoloa
Segurtasunarekin jarraituz, aurten ez dute indarkeria sexistarekin lotutako gune finkorik jarriko. Hala ere, Sexu Erasoen kontrako Erakunde Arteko
protokoloa aplikatuko dute aurten ere, herriko sagardotegiek eta tabernek: «ostalariek formakuntza jaso dute, eta erasoren bat gertatuz gero protokoloa
jarriko da martxan». Hernaniko Berdintasun sailak, indarkeria matxista eta arrazakeriaren aurrean protokolo bat ezarri zuen, eta aurten ere aurrera eramango dute: «hemen, eraso sexistez gain (emakumeen kontrakoak) LGTBI+ ikuspegia ere txertatu dugu; homofobia, lesbofobia, transfobia bezalako erasoak ere kontenplatu ditzaten, eta baita arrazakeria eta xenofobia ere». Beraz, erasorik gertatuz gero, arretarako telefono honetara deitu behar da: 688 685 164. Eta horrez gain, 24 orduz egongo dira erabilgarri Udaltzaingoaren telefonoa (092) eta larrialdietakoa (112).
Eta Hernaniko Berdintasun sailak azaldu du eraso sexisten aurkako sentsibilizazio kanpaina datozen asteetan jarriko dutela martxan.