Iñigo Legorburu garaile, Mungiako XXIV. bertso paper lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 21a, 00:00

Iñigo Legorburuk San Antontxu XXIV. bertso paper lehiaketa irabazi du.

Taket bertso-eskolak antolatuta, hernaniarrak lehen saria lortu du helduen kategorian.

Iñigo Legorburu hernaniarrak lehen saria irabazi du Mungiako San Antontxu XXIV. bertso paper lehiaketan. Taket bertso eskolak urtero antolatzen duen lehiaketa da, eta 2014az geroztik, Legorburuk hiru aldiz lortu du irabazle izatea. Aurten, sari gisa, Taket oroigarria eta 300 euro jaso ditu.

 

Lodifobiaren bueltan, Unai Agirreren doinuarekin

Helduen kategorian, hernaniarraren Lodifobiarik ez izan da sorta sariduna. Unai Agirreren Baneza eta banitu doinua aukeratu du, eta aukeraketa «nahiko berezia» izan dela aitortu du. «Bi zati ditu: lehenengo lau lerroek errima dute eta, ondoren, bigarren zatian, zortziko haundi baten antzekoa da».

Gainera, gaiak berak ere zeresana duela azpimarratu du Legorburuk. «Aukeraketa hau egin dut gizartean, begi aurrean egonagatik, sarri ez garelako lodifobiaren presentziaz ohartzen. Eta, neurri batean edo bestean, guztioi zeharkatzen gaituen gaia delako».

Legorburuk asebeteta eta pozik jaso du saria, eta aipatu du orain arte izandako hiru garaipenez gain, bigarren eta hirugarren postuak ere lortu dituela:   «2009ko edizioan hasi nintzen parte hartzen, eta ordutik ez dut bakar batean ere hutsik egin». k

 

1.

Bizitzaren loteriak

sari gisa, komeriak

igortzean, alegriak

non, biztanlego erdiak?

 

Egi-oste ko gizarte hontan

aldatuz doaz egiak

baina benetan iritzi denak

ote dira zilegiak?

Kilotxo batzuk gora-behera

gu bihurtzean eriak

zenbat ertz izan ditzaken

egun gorputz borobilegiak! (BIS)

 

7.

Batez ere emaztea

bazara, a ze kaltea!

Inon ez zara maitea

ta baietz itxi atea!

 

Lodifobiak antigorputzak

sortzea du aldartea

lotsak musuko gisa dihardu

zail da ezer esatea …

Pandemiaren metafora hau

al da gure izatea?

Guri neurriak betearaziz

gaixotzen du gizartea. (BIS)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!