Hernaniko Udala, Ereñotzuko Auzo Udala, herritarrak, eta zenbait kolektibo zein enpresa, elkarlanean, Hernaniko Energia Berriztagarrien Komunitatearen (EBK) aurrelanketan aritu dira azken urte honetan. Orain, urtebete pasa ondoren, EBK kooperatiba izatera pasako da eta Enherkom izenez ezagutuko da. Gaur izango da batzar eratzailea, Iturolan, arratsaldeko 18:00etan.
Proiektuaren berri izateko, Kronikak Mikel Tolosa eta Fermin Arruabarrena komunitate barruko talde sustatzaileko kideekin hitz egin du.
Nondik dator komunitatea sortzearen ideia?
Udalak eta zenbait herritarrek kezka azaldu genuen krisi klimatikoaren eta egungo egoeraren aurrean. Horregatik, aurrerapausoa eman eta zerbait egiteko unea zela pentsatu genuen. Bagenekien aukera hor zegoela; izan ere, Europatik zetorren zuzentarau batek komunitate energetikoak sortzeko parada ematen zuen. Zehazki, komunitate energetiko horiek eraldaketa energetikoa bultzatzeko tresnak dira, eta hari horri tiraka hasi genuen prozesua.
Hernani Burujabe herri proiektuaren barruko ekimena izan da hau eta, orain arte, Udalak inplikazio haundia izan du prozesuan. Nolanahi ere, gaurtik aurrera, pixkanaka-pixkanaka, kooperatiba sortzean, Udala hor egongo da, baina estatutuetan zehaztu denez, bazkideak eta herritar kontsumitzaileak izango dira guztiaren gidaritza izango dutenak. Alegia, bakarrik jarraitu beharko genukeen bidea hasiko dugu gaurtik, eta hori oso esperientzia polita izango da.
Zein da helburua?
Gure ustez, gaur egungo modelo energetikoa ez da jasangarria eta, horrenbestez, eraldaketa energetikoa da gure helburua.
Zer nolakoa izan da prozesua?
Duela urtebete hasi genuen ibilbidea. Talde sustatzailea sortu genuen guztion artean hausnarketa egiteko eta, ondoren, erabakiak hartzeko. Orain, gogoeta fase horren ostean, kooperatiba bat sortzeko beharra ikusi dugu. Horixe bera egingo dugu gaur arratsaldean eta, ondorioz, aurrerantzean, kooperatibak berak, Enherkom-ek (Energia Hernani Komunitatea), izango du ardura zehaztutako helburuak aurrera eramateko.
Bestalde, orain arteko prozesuak bi ildo izan ditu. Batetik, energiaren bueltan informatzeko eta datuak jasotzeko aukera izan dugu eta, beraz, asko ikasi dugu eta ahaldundu egin gara. Izan ere, herritarrak izan gara honen gidari, eta gai honen gainean guztiok jakintza bera ez dugunez, pixkanaka ikasi dugu, guztiok batera. Eta, bestetik, elkarlanean jardun dugu. Taldean hartu ditugu erabakiak eta taldean egin dugu hausnarketa guztia. Horregatik, prozesua oso aberasgarria izan da.
Kooperatiba sortzeko, aurretik lanketa haundia egin dugu. Jakina, estatutuak eta taldearen oinarriak zehaztu behar izan ditugu. Hori ez ezik, azken hilabete honetan proiektu teknikoei ere heldu diegu.
Zergatik kooperatiba?
Egitura juridikoa behar genuen proiektuak gauzatzeko, eta uste dugu kooperatiba ereduak bermea ematen digula guk nahi dugun egitura sortzeko. Gobernantza demokratikoa izango dugu, parte-hartze ahalik eta zabalenarekin. Eta, gainera, proiektu komunitarioa da hau, elkarlanean egin baitugu eta egingo baitugu guztia.
Zein izango da funtzionamendua?
Orain arte jarraitutako dinamika izango du. Azken urte honetan, gutxi gora behera hilabetean behin elkartuta, talde sustatzailea deitu dioguna egon da guztiaren atzean, eta talde horretako kideek hartu dituzte erabakiak. Talde hori, era berean, izan da irekia, demokratikoa, plurala eta partehartzailea. Gainera, funtsezkoa da proiektu komunitario herritarra izatea eta, horregatik, bileratik bilerara, deialdiak egin ditugu jende gehiago gurean batzeko.
Bide honetan, bilera guztietan parte hartu dute herritarrek, Ereñotzuko Auzo Udalak, Hernaniko Udalak, eta baita zenbait enpresa eta eragilek ere.
Horrenbestez, gaurtik, kooperatiba osatzean ere, bazkideak egongo dira erdigunean eta beraiek erabakiko dute nondik jo, erritmoa zein izango den, eta abar. Alegia, edonork parte har dezake eta edonork eman dezake bere iritzia modu librean.
Ereduren bat hartu duzue oinarritzat?
Europatik datorren 2019ko zuzentaraua medio, Europan badaude energiaren bueltan sortutako kooperatiba komunitarioak; baina, estatu mailan, ordea, guk jarraituko dugun ereduarekin, aitzindarietako bat izango gara. Horregatik, kooperatiba honen ahulguneak eta indarguneak hortxe daude. Izan ere, alde batetik, bide eta gauza berriak deskubritzeko aukera izango dugu. Baina, beste alde batetik, pausuak emateko ziurgabetasun puntua ere badugu ez dugulako eredu erreferenterik.
Zeintzuk dira ereduaren abantailak?
Ekarriko duen abantaila haundiena da bazkideek hartuko ditugula erabaki guztiak. Kooperatibako kideon aldetik, gure lanetako bat izango da bazkideei entzutea eta etorkizunerako zer nahi duten galdetzea.
Horrekin batera, zehaztasunera jota, asmoa da hiru proiektu garatzea: batetik, autokontsumo partekatua; bestetik, aholkularitza energetikoa; eta, azkenik, pobrezia energetikoa gainditzea. Hori horrela, egun dugun energia eredua aldatuz, ekonomiaren aldetik, besteak beste, lortuko dugu fakturetan gure aportazio ekonomikoa murriztea eta guztiontzat eskuragarriagoa den eredu energetiko justua izatea. Gainera, CO2 emisioak murriztuko ditugu eta ingurumenari kalte gutxiago egingo diogu. Eta hori guztia bazkideon esku egongo da, guk erabakiko baititugu proiektuak eta jarraitu beharreko bideak. Herritarrok erabaki behar dugu gure herrian zein eredu energetiko nahi dugun.
Nolakoa izango da bazkidetza?
Hiru mota izango dira, baina erakarri nahi duguna herritarron bazkidetza da. Kooperatiba guztietan bezalaxe, parte izateko, bazkide bakoitzak ekarpen ekonomikoa egin behar du. Gure kasuan, kopurua ahalik eta bideragarriena izaten ahalegindu gara, eta 10 euroko ordainketa bakarra izango da.
Interesa dutenek, Enherkomeko helbide elektronikora idatzi eta informazioa eska dezakete: info@enherkom.eus.