Zarautzen jokatuko du Hernanik, lehenengo faseko azken partidua

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 22a, 00:00

Gaur arratsaldeko 16:00etan daukate hitzordua trikoloreek Astin, fasea garaipen batekin bukatzeko.

Gaur jokatuko du Hernanik, Oho­rezko B Mailan, lehenengo faseko azkeneko partidua: Zarautzen daukate hitzordua, arratsaldeko 16:00etan Asti zelaian. Zarautz izango dute aurrean, eta garaipen batekin bukatu nahi dute fasea trikoloreek.

Ia milagro bat behar du Hernanik, igoeraren lehian jarraitu ahal izateko. Gaurkoan bost puntu lortuta ere, Getxok huts egitea beharko luke, igoerarako hurrengo fasera sailkatzeko. Bizkaitarrek Uribealdearen kontra jokatuko dute gaur, etxean; eta litekeena da garaipena lortzea. Horrela bada, aurreneko hiru postuetatik kanpo izango dira hernaniarrak, eta hiru taldek bakarrik egingo dute aurrera, igoera fasera. Gainera, Getxok gaur galduko balu ere, berriro egin beharko luke huts, Ourenseren kontra jokatzeko daukan partiduan, otsailaren 6an.

Baina milagroak milagro eta kontuak kontu, zapore onarekin bukatu nahi dute aurreneko fase hau trikoloreek, eta baliagarri izango dute denboraldi bukaerara bitarte ere. Igoera fasera sailkatu ezean, oraingo multzoko azkeneko zortzi taldeekin ariko da Hernani, bigarren fasean ere. Horretan, kontutan hartuko lirateke zortzi talde horien kontra jokatutako partiduen emaitzak: oraingoz, zazpitik zazpi dauzka irabazita, guztiak erasoko bonusa lortuta. Eta bigarren fasean, beste behin jokatuko luke, horien guztien kontra.

Jokatutako zortzi partiduetatik hiru irabazi ditu Zarautzek, gaurko kontrarioak; eta bi partidu dauzka atzeratuta oraindik, multzoko beste hainbat taldek bezala. Are gehiago, Hernani da orain arteko partidu guztiak jokatuta dauzkaten hiru taldeetako bat, Pasek Belenosekin eta Independienterekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!