«Udaleko plazen %7 desgaitasuna dutenekin betetzea eskatzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 20a, 00:00
Udalean desgaitasuna duten pertsonekin plazak betetzea eskatzen du EAJk.

EAJ-PNVk azaldu duenez, gaur egun, Hernaniko Udalean ez dago ezgaitasuna duen pertsona batek betetzen duen plazarik.

EAJ-PNVk urriaren 30eko 5/2015 Dekretua betetzeko eskatu dio EH Bilduri. Dekretu horren 59. artikuluak azaltzen du  Hernaniko Udal langileen %7k desgaitasunen bat izan behar duela. EAJ-PNV alderdiak dioenez: «EH Bilduk gehiengo osoarekin gobernatu du Hernanin Errege Dekretu hau onartu aurretik, eta, hala ere, ez du inoiz lehiaketa publikora atera desgaitasuna duten pertsonentzako plazarik. Egun, Udalean ez dago ezgaitasunen bat duen pertsona batek betetako plazarik, eta desgaitasunen bat duten 13 bat langile egon beharko luketen arren».

Andoni Amonarraiz EAJko bozeramaileak azaldu duenez, legea betetzeko eskatu dio EH Bilduri: «berriro eskatu diogu EH Bilduri, oraingoan erregistro bidez, legea betetzeko eta lan-eskaintza publikoetan ezgaitasunen bat duten pertsonak sar daitezkeen plazak ateratzeko. Duela gutxi onartu dugu lanpostu batzuen eskaintza publikoa, eta uste dugu horietakoren bat desgaitasuna duten pertsonentzat izan beharko litzatekeela, eta horiek oposaketara aurkezteko aukera izan beharko luketela. Ikusiko dugu hala den».

Andoni Amonarraizen esanetan, «pertsona guztien integrazioaren alde lanean jarraituko dugu alderditik,  eta, horretarako, ezinbestekoa da desgaitasuna duten pertsonak era guztietako enpresetan lekua izatea, eta, are gehiago administrazio publikoan; eredu izan behar dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!