'Basoan' esperimentazio lantegiko erakusketa hilaren 28an inauguratuko da

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 20a, 00:00
Esperimentazio lanak, Chillida Lekun.

Chillida-Lekun egongo da ikusgai erakusketa. Sarrera irekia da, baina izena eman behar da.

Chillida Lekuko  Basoan esperimentazio lantegiko erakusketa urtarrilaren 28an, 17:00etan, inauguratuko dute. Basoan tailer interdiziplinarra izan da eta,  bertan, garai goibel honetan, arnasgunea planteatu nahi izan dute.

Esperientzia oso berezia izan da, bai prozesuetan eta bai emaitzetan. Erakusketan ontziekin egindako kamerekin sortutako irudiak, zeramika-murala, ikatzez burututako frottageak, hainbat materialekin osatutako diapositibak... eta prozesua jasotzen duten hainbat irudi ikusi ahal izango dira. Irudi horietan,  gorputz adierazpenaren bueltan egin ziren saioko esperientziak ere jasotzen dira.

Sarrera irekia da, baina izena eman behar da, lotura honen bidez: https://tickets.museochillidaleku.com/selection/event/date?productId=101800767195&gtmStepTracking=true&lang=eu.


Nagore Legarretak koordinatzen duen laborategia
Basoan esperimentazio artistikoko laborategia da, Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrak koordinatua. Esperimentatzeko, elkarreragiteko, aktibatzeko, partekatzeko, probatzeko, sortzeko eta arnasa hartzeko espazioak behar direla kontuan hartuta, Chillida Lekuk 16 eta 23 urte bitarteko gazteei ireki die bere espazioa, eta museoan sortzera eta esperimentatzera gonbidatu ditu.

Pandemia honetan gehien zigortutako sektoreetako bat denez, Chillida Lekuk topalekua eta arnasa hartzeko gunea eskaini die ekimen honen bidez. Nagore Legarretaren bitartekaritza artistikoaz gain, Myriam Pérez Cazabon dantzari eta koreografoak eta Saioa Ayala zeramikariak ere parte hartu dute proiektuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!