Auzozaintza sare publiko-komunitarioa programa aitzindaria martxan, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 00:00
Maitelaneko kideak, Xabier Lertxundi eta Zabalduzeko kideak.

Atzo aurkeztu zen udaletxean eta ostegunean hitzaldi bat dago Biterin egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko 18:30etatik aurrera.

Bakardade egoera hauskorrean dauden Hernaniko adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzea helburu duen proiektua, auzozaintza sare publiko-komunitarioa programa, martxan jarri da Hernanin. Proiektua atzo aurkeztu zen udaletxean eta Udala, Zabalduz Gizarte Ekimeneko Kooperatiba eta Maitelan Kooperatiba sustatzaileak azaldu zituzten programaren nondik norakoak.


Hernani Burujabe egitasmoaren baitan jarriko da martxan eta proiektua bere osotasunean aurrera eramaten lehenengo herria da Hernani. Beraz aitzindaria eta berritzailea da Euskal Herrian. 


Udaletik adineko pertsonei zuzendutako akonpainamendu zerbitzu bat jarriko da martxan. Honen bidez, harreman sozialak lantzea, autonomia lortzea eta herri mailako eragile eta dinamika anitzen partehartzea bilatuko da, beti ere, beraien behar, nahi eta motibazioak zentroan jarriz. 


Helburua adineko pertsonak bakardade egoeran bizitzetik, bere auzo edo komunitatean bere bizitza modu autonomoan garatzea izango da.


Herritarren eta herriko eragileen laguntza ezinbestekoa izango da ordea. Bolondres bezala, auzozain bezala, sare honen parte eginez adineko pertsonen beharren detekzioan, zaintzan eta akonpainamendu prozesuan bolondresek ekarpena egin ahalko dute. 
Bakardade egoeran egon daitezkeen adineko pertsonei egitasmoa azaldu eta bertan partehartzera gonbidatzen da. Adineko pertsonek pairatzen duten diskriminazioarekiko begirada kritikoa izan eta adinekoen inklusio prozesuan jarrera proaktiboa izatea eskatzen da. 
Ostegunean hitzaldi bat antolatu da Biterin egitasmo hau azaltzeko, 18:30etatik aurrera.

Adinekoen sozializazioa bultzatu nahi da eta langileen prekarizazioari aurre egin
Udalak Zabalduz eta Maitelan kooperatibekin sinatu zuen hitzarmena. Xabier Lertxundi alkateak aurkezpenan aipatu zuenez. «Zaintza beharrak gero eta gehiago izaten ari dira. Adinekoen bakardadea errealitate bat da. Beraien bizi kalitaterako baldintza ezinbestekoa da sozializazioa eta aukeratu ez den bakardade horri aurre egitea. Beste errealitate bat da zaintza lanetan ari diren pertsonen egoera. Oso prekarizatuak dauden lanak dira, sektore feminizatu prekarizatua dedikatzen da lan hauetara. Erakundeek eta orokorrean jendartean onartzen ez badugu ere elkar bizi gara egoera prekarizatu horrekin. Auzozaintzak horri ere aurre egin nahi dio».


Zabalduz eta Maitelaneko kideak ere bertaratu ziren aurkezpenera eta proiektua nola gauzatuko duten azaldu zuten.

EAEn 64 urtetik gora 110 mila pertsona bakarrik bizi dira
Zabalduzeko ordezkariek nabarmendu zuten Euskal Autonomia Erkidegoan 262.000 pertsona daudela bakarrik eta horietatik %42a, 110.000, 64 urtetik gorakoak dira. «Pertsonen %12a EAEn bakarrik bizi da. Bakardadeak berez ez du bizitza kalitatean arrisku faktore bat izan behar, baina desberdindu behar da desiratutako bakardadea eta desiratua ez dena. Hautazkoa eta hautazkoa ez dena».
Bakardadea beste oztopo batzuekin elkartzen bada zaurgarritasun egoera pairatzen da. «Horri aurre egin behar zaio, bizi kalitatea hobetzeko, eta horretarako planteatu da auzozaintza sare komunitarioa. Adinekoak komunitate horietan partehartzea nahi da. Programak zaintza figura eskainiko du eta sustatuko ditu dagoeneko egiten diren zaintza informal batzuk egunerokotasunean. Jendea animatzen dugu auzozaintzarako prest egoteko».


Orain arte Hernanin diagnosi bat egin da komunitate horrekin konektatzeko. «Ondorio bat izan da bakardadea inbisibilizatuta dagoela. Ez da apenas hitz egiten eta ez dago perzepzio bateratu bat, baina Hernanik badauka sare indartsu bat adinekoei babesa eskaintzeko».  
Maitelaneko Elisa Paredo bazkide langileak nabarmendu zuen beraiek ibilbide honetan bidelagun izango direla. «Komunitatean txeratzen lagunduko diegu, lagunak izan ditzaten. Esfortzu hori egingo dugu, ikastaroen bitartez, baliabide gehiago izateko laguntza horretan. Bakardadean zaurgarriagoak dira eta hori arintzen saiatuko gara gure laguntzarekin». 

Hiru zutabe ditu eta froga pilotua Zikuñaga, Etxeberri eta Portu-Elizatxon
Programa honek hiru zutabe ditu: Detekzioan Udaletik erremintak eskainiko dira eta Zerbitzu Sozialetatik geo lokalizazioaren bitartez identifikazioa egingo da; eskuhartzean bakardadean bizi diren eta parte hartu nahi duten adinekoei proposatuko zaie eskuhartze bat Maitelaneko langileak bidelagun izango direlarik. Zabalduzeko kideek kasuz kasuko diseinu bat egingo dute helburuak planteatzeko; hirugarren zutabea komunitarioa izango da. Haurretik egin da testeo bat eragile ezberdinekin.


Inplantazioari dagokionez froga pilotoa Zikuñagan, Etxeberrin eta Portu-Elizatxo auzoetan jarriko da martxan. «Hilabete gutxiren barruan herri osora zabaltzeko nahiarekin» azpimarratu zuen Lertxundik. Gainera gutuna bidali zaie auzo horietan bakarrik bizi diren adinekoei programan partehartzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!