Hernaniko zazpi batel, aurreneko jardunaldian

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 00:00

Igandean hasi zuten Gipuzkoako Batel Liga, Donostian, Urumea ibaian. Laugarren sailkatu zen neska promesen batel bat. 

Martxan da Gipuzkoako Batel Liga, kategoria guztietan; eta zazpi batelekin aritu zen Hernani, estreinako jardunaldian. Igande eguerdian izan zen hori, Donostian, Urumea ibaian.

Neska promesetan aritu ziren Hernaniko batel gehien, hiru guztira. Eta horietako bat, Hernani A, laugarren sailkatu zen 7:59 denborarekin, Orio irabazleak baino bost segundu gehiago. Hernani B, berriz, seigarren izan zen (8:17).

Neska absolutuetan ere izan zuen batela Hernanik; hain justu, parte hartu zuten bi bateletako bat izan zen. Hibaikak (10:57) hartu zien aurrea, 21 segunduren aldearekin (11:18 denbora egin zuen Hernanik).

Neska jubeniletan, berriz, bosgarren sailkatu zen Hernaniko batela, 11:11 denborarekin; San Juan irabazleak (10:41) baino minutu erdi motelago.

Infantiletan, berriz, bi batelekin aritu zen Hernani. Batetik, mutilen kategorian lehiatu zen talde mixto bat, eta bederatzigarren sailkatu zen, 6:12 denborarekin, Orio irabazleak baino 41 segundu gehiago. Eta bestetik, neska infantiletan hartu zuen parte Hernaniko batel batek: bosgarren izan zen, 6:03 denborarekin, Zumaia irabazleak baino 17 segundu gehiago.

Zazpi jardunaldi, Gipuzkoako Batel Ligak

Datorren larunbatean jokatuko dute Gipuzkoako Batel Ligaren bigarren jardunaldia, Pasaian. Eta guztira, zazpi estropada jokatuko dituzte, martxora bitartean; astebururo bana. 

Datorren larunbatekoa bezala, Pasa­ian izango dituzte hurrengo bi jardunaldiak ere, urtarrilaren 30ean  eta otsailaren 5ean ere. Otsailaren 12an, berriz, Zumaian ariko dira; otsailaren 26an Errenterian; eta martxoaren 6an, liga bukatzeko, Tolosan izango dute hitzordua. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!