Emaitza gazi-gozoak, Euskal Ligako taldeek

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 00:00

Atzeratutako partiduetan, mutilek garaipena lortu zuten Gasteizen eta neskek, berriz, porrota, liderraren aurka. 

Asteburu gazi-gozoa izan da Euskal Ligako taldeentzat. Izan ere, atzeratutako partiduak jokatu dituzte etxetik kanpo, eta mutilek garaipena lortu duten arren, neskek porrota jaso zuten Sestaon, liderraren aurka. Hala ere, «esperotako» emaitzak izan direla aurreratu dute. Nesken kasuan, bizkaitarrak fin-fin dabiltza lidergoan, eta norgehiagoka zaila espero zuten hernaniarrek. Mutilek, berriz, azken aurrenaren aurka zuten hitzordua, eta eroso aritu ziren pistan. 

Bigarren itzulia, helburu

Euskal Ligan, hasiera ez da erraza izan nesken taldearentzat. Sei partidu jokatu dituzte eta, horien artean, bakarra irabaztea lortu dute. Horregatik, helburu dute lanean jarraitzea eta bigarren itzulian garaipen gehiago izatea. Noski, taldea sendotzea eta sailkapen orokorrean gora egitea izango dute xede datozen partiduetan. 

Larunbatean, aurkari zaila izan zuten aurrez aurre. Azken garaipenarekin, Sestaok zortzi partidutik zortzi irabaztea lortu du orain arte, eta Hernanik zailtasunak izan zituen liderrari aurre egiteko.

Etxekoek 3-0 irabazi zuten, eta hernaniarrek aukera gutxi izan zituzten. Hirugarren jokoan, garaipena lortzeko gertu izan ziren, baina, azkenean, markagailua 25-22 itxi zen bizkaitarren alde. Lehen bi jokoetan, aldiz, 25-15 eta 25-8 irabazi zuten etxekoek.     

Garaipen borobila, Gasteizen

Euskal Ligako mutilen taldea bikain aritu zen Gasteizen, Jatorkideren kontrako partiduan. 0-3ko garaipena lortu zuten hernaniarrek, eta eroso garaitu zituzten etxekoak joko guztietan. Lehenengoan, 18-25 itxi zen markagailua; bigarrenean, 21-25; eta, azkenekoan, 17-25.  
Larunbatean jokatutakoa ere atzeratutako norgehiagoka izan zen, eta lortutako emaitzarekin, sailkapenean, erdiko postuetan jarraitzen dute hernaniarrek. Nolanahi ere, gainerako taldeen partiduak eguneratzean, lehen hirukotean sartzeko aukera izango dute Hernanikoek. Beraz, lanean jarraitzea besterik ez dute goiko postuetara iristeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!