Garaipen bakarra lortu dute hernaniarrek asteburu honetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 18a, 00:00
Seniorren taldeak Munttarpe izan zuen aurkari, larunbatean, kiroldegian.

Lau partidu jokatu dira, eta jubenilen mutilen taldeak bakarrik lortu du irabaztea, Legazpiren kontra. 

Eskubaloiko taldeek ere partiduak izan dituzte asteburuan. Jardunaldi gazi-gozoa izan da Hernanikoentzat, jokatutako lau­ norgehiagokatik garaipen ba­karra lortu baitute. Jubeni­len mailako mutilen taldearena izan zen azken hori. Hain justu, bikain aritu ziren, eta 32-27 irabazi zuten Legazpiren aurka. Emaitza horrekin, bigarren postuan amaitu dute bigarren fasea, andoaindarren atzetik.

Porrotak seniorrek, jubenil neskek eta kadete mutilek

Seniorren taldeak Munttarpe izan zuen aurkari. Larunbat arratsaldean jokatu zuten partidua, etxean, baina zortea ez zen hernaniarren alde egon.  Gainera, aurkaria ere zaila zen etxekoentzat. Lezokoak fin-fin aritu dira orain arte, eta bigarren postua daude une honetan, liderrarekin puntuetara berdinduta. Aurreikuspen horrekin, beraz, zaila izan zuten garaipena lortzea, eta 32-40ko porrota izan zuten.

Jubenilen mailan, nesken taldeak igandean izan zuen hitzordua, kiroldegian, Tolosaren aurka. Ez zen norgehiagoka erraza izan etxekoentzat, eta, azkenean, markagailua 18-29 itxi zen tolosarren alde. Bigarren faseko azken jardunaldia izan zen hernaniarrentzat, baina, oraindik ere, partidu bat dute jokatzeko. Izan ere, Zarautzen aurkakoa, lehenengo jardunaldikoa, atzeratu egin zuten egungo osasun egoeragatik. Beraz, tartea dutenean jokatuko dute partidua, eta horrekin erabakiko da fase honetako sailkapen orokorra.  

Azkenik, kadete mailan, mutilen taldeak Leizaran izan zuen aurrez aurre. Andoainen jokatu zuten partidua larunbat arratsaldean, eta 38-26ko emaitzarekin amaitu zen, andoaindarren alde. Itzuli zaila izan da hernaniarrentzat, eta, une honetan, taldea sailkapeneko azken postuetan dago. Horrenbestez, datozen partiduetan, taldeak puntuak batu eta aurrera egitea izango du helburu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!