70. eguna: Mbeya – Igawa (115km, +594m)
Jarraitzeko garaia heldu da. Astebete Mbeyan pasa ondoren, energiaz beteta eta motibazio handiarekin ekin diogu aurtengo azken etapa multzoari. Helburua: 816 km-tara aurkitzen den Dar Es Salaam hirira iristea.
Nekea pilatzen ari zela nabaritu dugunean erabaki dugu gelditzea, Igawa izeneko herri batean. Ospakizun eguna zuten Igawan. Herriko plazan bilduta ikusi ditugu herritar guztiak jolasean eta dantzan. Pailazoak ere antzerki lanetan ibili dira txikienen (eta gure) gozamenerako. Giro sanoa eta alaia.
Hala ere, kuriosoa izan da herriko umeek ikuskizunari bizkarra nola eman dioten ikustea guri begira jartzeko. Bi pertsona txuriren presentziak pailazo batzuen dantzak baino interes handiagoa piztu die nonbait!
71. eguna: Igawa – Iramba (73km, +802m)
Inoiz baino haize gehiago gaurkoan, eta nola ez, kontra. Esfortzu handi baten truke kilometro gutxi, zerbait pentsatu beharra, alegia. Noizean behin kamioien batek edo bestek gure abiadura antzekoan aurreratzen digula ikustean, hauei jarraitzea bururatu zaigu, haizearen babesa eskaintzen baitute hauek. Uste baina azkarrago doaz kamioi hauek eta emaitza hauxe izan da: sekulako berotuak eta trukean askorik aurreratzeko aukerarik ez. Jolas honek eguna entretenigarri egiteko balio izan du behintzat!
72. eguna: Iramba – Ifunda (101km, +1071m)
Motoarekin izandako istripu batek gurpildun ahulki batean utzi zuen Ifunda ikastetxeko irakasle den Mtuli duela 7 urte. Gure kanpina jartzeko txoko baten eske gerturatu garenean hauxe izan da bere erantzuna: “Berriz ere ni zutik jartzea lortzen baduzue soilik izango duzue lo egiteko aukera”. Zer esan ez genekiela eta erabat nahastuta ikusi gaituenean barrez lehertzen hasi da. “Noski lo egiteko txokoa izango duzuela, ongi etorri!”.
Istripuaz geroztik oiloak zaintzea bihurtu da bere denbora pasa gogokoena. Esan digunez ez du gehiagorik behar zoriontsu izateko. Eskuineko argazkia bere etxeko komunean dutxa hartzen ari ginela hartutakoa da. Ikus daitekeen bezala, ez da etxean ohituta gauden dutxa horietako bat, baina eguneko izerdia kentzeko eta freskatzeko nahikoa izaten dugu balde bat ur hotz. Askotan etxeko dutxa baino hobe sartzen zaigu gainera!
73. eguna: Ifunda – Mbuyuni (146km, +531m)
Ikuspegi eta ibilbide aldetik etaparik politena. Distantzia aldetik inoizko etaparik luzeena. Orain arte goi-lurretan izan gara, itsas mailarekiko 1500 metro inguruan. Gaur, itsas mailarekiko 500 metrora egotera pasa gara jaitsiera luze baten ostean (inoizko altuerarik baxuena). Etapa gogoangarria benetan.
Ingurune berri honetan hezetasun gehiago dagoela segituan nabaritu dugu pedalkada gutxi batzuen ostean izerditan blai jarri garenean (goi-lurretan ez dugu ia izerdirik bota). Orain arte ur litro mordoa edaten genuen etapa bakoitzean, 5 litro inguru. Izerditzen hasiko bagara ur gehiago beharko dugula badakigu; hainbeste ur gure tripetan nola sartuko den ez dakigu ordea!
74. eguna: Mbuyun – Doma (125km, +579m)
Gaur 50 km luze den Mkumi parke naturala gurutzatu dugu. Bururatzen zaizkizuen animalia guztiak aurkitzen dira hemen, libre. Arriskutsuak barne. Gurutzatzeko segurtasuna eman diguten puntuak hauek dira:
- Bizikletaz parkea gurutzatu duten zikloturista batzuen berri badugu.
- Trafiko dezente dago errepidean, animaliak uxatzeko balioko du.
- Entzuna dugu iluntzean soilik ateratzen direla lehoiak eta eguerdian gurutzatu dugu parkea.
- Poliziak bizikletaz parkean sartzen ikusi gaitu eta ez digu ezer esan. Segurua denaren seinale, edo hori uste genuen behintzat…
Hala ere, aurrera gindoazela konfiantza murriztu diguten bi punturekin aurkitu gara:
- Jirafak, zebrak, lehoiak eta gazelak harrapatzeagatik isunak daudela ohartarazten zuen kartel bat ikusi dugu hasieran. Lehoia izan ezik gainontzeko guztiak ikusi ditugu errepide bazterrean, asko gainera. Lehoiak hortik ibiliko al dira?
- Parkearen erdian obretan zegoen langile multzo bat ikusi dugu segurtasun gizon bat begirale lanetan zegoela. Gizon honek eskopeta bat zuen eskuan. Segurua bada egunean zehar errepide inguruan egotea, eskopeta zertarako?
Adrenalinarekin batera pedalei azkarrago eragiten hasi gara. Normalean 20 km/h inguruko abiaduran joaten gara, baina, 50 km hauek 30 km/h inguruan egin ditugu. Ia bi orduko tarte honetan hitzik ez eta zentzumen guztiak erne izan ditugu, badaezpada.
Argazkiak ateratzeko tarterik hartu ez dugunez Internetera jo dugu argazki batzuren bila. Eskerrak bilaketa hau aurretik ez dugun egin… Beheran azaltzen den argazkia ikusi izan bagenu, ez dut uste parkea bizikletaz gurutzatuko genuenik!
75. eguna: Doma – Mikese (93km, +351m)
Etapa bakoitzaren ondoren, aukera izan ezkero, herriko merkatua bisitatzen dugu. Momentu zoragarria izaten da postuen arteko kale estuetan ibiltzea. Eskaintza handia da normalean, denetik aurki daiteke. Barazkiak, fruta, lekaleak, arraina (egiten duen beroak eraginda botatzen duen usaina ez da oso atsegina izaten), haragia, arropa, margolanak… Hala ere, erosketaren zerrenda gutxi aldatzen dugu guk. Platanoak, mangoak, piña eta aguakateak. Merkea eta fresko-freskoa. Berotan egindako etapa bat errekuperatzeko paregabeak.
76. eguna: Mikese – Mlandizi (100km, +283m)
Zikloturista bikote herbeheretar batekin egin dugu topo gaurkoan. Zambian ere gizon frantziar batekin egin genuen topo duela hilabete inguru. Denbora luzez aritu gara elkarrizketan bizitako abentura eta aholkuak partekatzen. Ilusio berezia egiten du gutar batekin topo egitea, gure erokeria ulertzen eta partekatzen duen jendearekin topo egitea alegia.
77. eguna: Mlandizi – Dar es Salaam (63km, +357m)
Tanzaniako hiriburua ez den arren estatuko ekonomian garrantzi handiena duen hiria da Dar es Salaam. Espero genuen moduan trafiko ugari izan dugu bertan sartzeko. Beti izaten da deserosoa kamioi eta kotxe artean bizikletan aritzea, baina bidaiaren parte da hau ere.
8 egunetan 816 km. Deskantsua hartzeko garaia heldu da. Merezitako deskantsua Zanzibar uhartean. Hala ere, aurretik Dar es Salaam bisitatzeko tartea hartuko dugu pare bat egunez. Ea interesgarria den zerbait aurkitzen dugun!