«Kirol zelaiak eraiki dira uholde arriskua duten eremuetan»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 17a, 00:00

Elkarrekin Podemos Orain Hernanik adierazi du uholdeak «saihestezinak» direla eta horiek sortutako kalteei irtenbidea eman behar zaiela.

Azken asteotako uholdeak direla eta, Elkarrekin Podemos Orain Hernani alderdiko Jaione Aristregi Caok eta Lurdes Lopez Gorrotxategik kezka azaldu dute eta egoerari irtenbidea eman behar zaiola adierazi dute: «beste behin pareta beraren kontra kolpea hartuta, hau urezkoa bada ere. Urumea eta Hernani, Hernani eta Urumea, elkar ezagutu bai, baina ez dugu elkar errespetatzen. Ibaia etengabe aldatzen ari den ekosistema bizia da, eta berarekin elkarbizitzen ikasi eta bere espazioa itzuli behar diogu».

Jakitera eman dutenez, uholdeak «saihestezinak» dira eta, horregatik, azpimarratu dute hori kontuan izanda aztertu behar direla ibairen inguruan eraikuntzak eta etxebizitzak egiteko erabakiak eta planak. «Uholdeek kalte haundiagoak eragiten dituzte ibaiertzak gero eta gehiago betetzen baditugu era guztietako azpiegiturekin eta ekipamenduekin».

 

«Kirol zelaiak eraiki dira uholde arrisku eremuetan»

Horrekin batera, Aristregiren eta Lopezen esanetan, Zubipe eta Landare eraiki dira uholde arriskua egon daitekeen eremuetan: «gogoratu behar da lurralde-antolamendu eta hirigintza eskumenak Udalarenak eta Udalaz gaindikoak direla, eta, kasu honetan, kirol zelaiak eraiki dira uholde arriskua duten eremuak direla jakinda».

Gainera, uholdeak areagotu egingo direla ziurtatu dute eta, horrenbestez, egoerari konponbidea ematea beharrezkoa dela uste dute alderdiko ordezkariek. «Itxura guztien arabera, klima aldaketaren eraginez, muturreko gertaera horiek gehituz joango dira. Zentzuzko estrategia bakarra da era inteligentean egokitzea bere ondorioak murrizteko».

Horregatik guztiagatik, «ostrukaren politikarekin» amaitu behar dela argitu dute: «garbitu, garbitu eta garbitu ibaiak berriz gainezka noiz egingo duen zain, hasierako puntura itzultzeko». Hori, diote, «ez da irtenbide bat».

 

Azalpenak, Zubipeko eta Landareko erabiltzaileei

Alderdiaren ustean, arazoari aurre egin behar zaio «parte hartzen duten eragile guztiak galdetuz, irtenbide jasangarri zein  iraunkorrak aurkitzeko». Horri gehitu diote, erabakia hartu eta irtenbidea bilatu arte,  gai honen ardura duten erakundeek alternatiba bat eman behar dietela «kirol instalazio horietako 500etik gorako erabiltzaileei».

Aipatutakoa amaitzeko, Elkarrekin Podemos Orain Hernaniko ordezkarien mezua argia izan da: «irtenbidea ez erraza ezta merkea izango ere, baina Hernanik behar duena izan behar du».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!