Gaur hasiko dira Lizeaga kaleko asfaltatze lanak, eta bidea moztuko da

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 17a, 00:00
Txirrita kaleko asfaltatze eta margotze lanak amaituta.

Bihar arte, bidea moztuta egongo da ibilgailuentzat Lizeagatik GI-2132 errepidera arte.

Aste honetan ere asfaltatze lanekin jarraituko dute Udal langileek. Asteburuan, Txirrita kalean aritu ziren margoketa lanetan. Hain zuzen, aparkalekuetako eta autobus geltokiko tarteak margotu zituzten. Horrez gain, Lizeaga kalean ere hesiak jarri zituzten bertako aparkalekuak husteko asmotan. Izan ere, gaur hasiko dira Lizeagako asfaltatze lanekin. Horregatik, kale horretatik GI-2132 errepidera, ibilgailuen irteera moztuko da. Gidariek Victor Hugo eta Larramendi kaleetatik desbideratu beharko dute, Txantxillako biribilgunerantz.   

 

Asfaltatze lanak, astebetez

Udalak jakinarazi duenez, datorren astelehenera arte iraungo dute aste honetako lanek.

Aipatutakoez gain, gaur, Larramendi kalearen hasieran dauden 6-7 aparkalekuak hesituko dituzte. Zehazki, Elkano kaletik hasi eta aparkalekuaren sarrera bitartean daudenak, asteazkenerako hutsik uzteko abisuarekin. Hain justu, etzi, asfaltatze lanak egingo dituzte tarte horretan eta, horrekin batera,  Elkano-Larramendi bidegurutzean, ur matxura gertatu zen puntuan, zonaldea asfaltatuko dute.

Asteazkenean ere, Izpizua-Elkano bidegurutzean arituko dira lanean eta, azkenik, Lizeaga kalean margoketa lanekin hastea aurreikusi dute. Elkano-Larramendi eta Izpizua-Elkano inguruan, berriz, ostegunean ekingo diote lan horri.

 

Atzieta kalean trafikoa moztuta, 4-5 egunez

Amaitzeko, larunbatean, hesiak jarriko dituzte Atzieta kaleko zati batean, aparkalekuak astelehenerako husteko abisuarekin. Hain zuzen, urtarrilaren 24an hasiko dituzte asfaltatze lanak tarte horretan, eta aurreratu dute lan horretarako trafikoa moztu beharko dutela 4 edo 5 egunez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!