Beste bost puntu trikoloreek, Uni Bilbao nagusitasunez menderatuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 16a, 00:00

Talde trikolorea atzo, Miniestadioan, Uni Bilbao taldearen aurkako partiduan. Argazkia: Hernani CRE

31-6 irabazi zuen Hernanik, Ohorezko B Mailan, aurreneko fasearen azkeneko partidua etxean.

Atzo jokatu zuen Hernanik bere azkeneko partidua etxeko talde gisa, Ohorezko B Mailaren aurreneko fasean. Ez ziren etxean aritu, edonola ere, Landare ez baitago jokatzeko moduan. Baina hori ez zen aitzakia izan hernaniarrentzat, eta nagusitasunez menderatu zuten Universitario Bilbao, Donostiako Anoetako Miniestadioan (31-6). Eta garaipena bakarrik ez, erasoko bonusa ere lortu zuten trikoloreek, lau entsaiorekin.

Kosta zitzaien hernaniarrei, bere nagusitasuna markagailuan islatzen; eta ordu laurdena betetzerako Ekain Pererak aurreneko entsaioa lortu zuen arren, bi zigor kolperekin aurreratu zen Uni Bilbao, ordu erdia bete baino lehen (5-6). Atsedenaren aurretik, ordea, aurrea hartu eta ihes egin zuen Hernanik, Mikel Bidegarayren eta Kepa Mijangosen entsaio banarekin, eta Beñat Aricetak horietako bat transformatuta (17-6).

Oso bestelakoa izan zen bigarren zatia, eta gerturatzeko aukerarik ere ez zioten eman trikoloreek, talde bilbotarrari. Hasi eta berehala lortu zuen beste entsaio bat Jon Ander Zapiainek, Beñat Aricetak transformatu zuena; eta ia segidan lortu zuen laugarren entsaioa Oier Garmendiak, hori ere Aricetak transformatua (31-6).

Ordu erdi pasatxo geratzen zitzaien jokatzeko oraindik, baina markagailua ez zen aldatu bukaerara bitartean, ez alde batera eta ez bestera.

Atzokoan bost puntu lortuta, igoeraren lehian jarraitzeko aukera minimoei eutsi die talde hernaniarrak, baina dagoeneko ia ezinezkoa dauka hurrengo fasera sailkatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!