Bihar hasiko da Bikotekako Txapelketa, eta Hernanin izango da finala otsailean

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 15a, 00:00
Floridako bolatokian jokatuko da Bikotekako Txapelketaren finala, otsailaren 6an.

Olaberrian daukate aurreneko tiraldia bihar, eta bailarako bost bikote ariko dira, lau tiralditan.

Bihar hasiko da bola denboraldia, eta Bikotekako Txapelketa izango dute aurrenekoa. Olaberrian daukate estreinako tiraldia bihar, eta lau asteburutan jokatuko da: hiru tiraldi, eta finala. Urnietan izango dute bigarrena, urtarrilaren 23an; eta Idiazabalen hirugarrena, 30ean. Final haundia, berriz, Hernanin jokatuko da, otsailaren 6an, Floridako bolatokian.

Urumea bailarako bolariek ez dute hutsik egingo txapelketan, eta bost bikote ariko dira. Ereñotzutik, Ur Miako hiru bikote joango dira: Martxeli Kan­flanka eta Nagore Miner izeba-ilo­bak; Leandro Miner eta Iñaki Miner aita-semeak; eta Ibon Miner, Joxe Mari Etxebeste astigartarrarekin. Elur Txorik, berriz, beste bi bikote izango ditu txapelketan: Fernando Gallego eta Patxi Loreak, eta Fermin Zuloaga eta Mikel Arroyo.

 

Euskadiko Txapelketa, ekainaren 4an Ereñotzun

Denboraldiko gainerako txapelketen egutegia ere osatu dute da­goeneko, eta zita garrantzitsu bat izango da bailaran: Ereñotzun jokatuko da Euskadiko Txa­pelketa. 2020an jokatzekoa zen bertan, baina pandemiagatik bertan behera geratu zen, eta aurten egingo dute. Ekainaren 4an izango da hori, San Antonio jaien atarian.

Hori baino lehen, Lehendakari Txapelketa jokatuko dute, otsailaren 13tik martxoaren 13ra, lau tiraldirekin: Gabirian, Añorgan, Seguran eta Ategorrietan. Eta ondoren, Gipuzkoako Kopa izan­go dute, lau tiraldirekin, Euskadiko Txapelketara sailkatzeko balioko duena. Martxoaren 17an hasiko da Legazpin, eta Lasarten eta Aian beste bi tiraldi egin ondoren, Altzan bukatuko dute, maiatzaren 8an.

Maiatzaren 22an, bolari beteranoak eta gazteak elkartzeko eguna izango dute Belauntzan. Eta urriaren 2an hasiko da Taldekako Txapelketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!