Mobilizaziorako deia bihar Alderdi Ederren, pentsiodunek deituta

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 14a, 00:00
Bihar eguerdiko 12:00etan, Alderdi Ederren izango da mobilizazioa.

Eguerdiko 12:00etan jarri dute hitzordua Donostiako Alderdi Ederren, eta bertaratzeko deia luzatu dute.

Dagoeneko lau urte dira, erretiratuak eta pentsiodunak kaleetan barrena manifestatzen eta eskubideen alde aldarrikatzen hasi zirenetik. Hori horrela, astelehenean, udaletxeko arkupeetan bildu ziren, hainbat gai lantzeko. Alde batetik: lau urteko ibilbidearen balantzea, eta  orain arte aldarrikatutako eskubide urraketa. Eta bestetik, banku-establezimenduei zuzendutako eskaera: «Hernanin leihatilako aurrez aurreko eragiketak egitea erabakitzen duten bezeroei errespetatzea».

Hortaz gain, azaldu dute 2022rako soldaten igoera %5,6ko KPIarekin kalkulatu dutela, «baina tranpa dauka. Izan ere, kopuru horretatik, %2,5a bakarrik jasotzen dugu, eta % 3,1a kentzen zaigu, atzerapenengatik». Halaber, duela gutxi ontzat emandako erreforma baten aurka egin dute herriko pentsiodunek, honakoa adieraziz: «erreforma honek erretiratze adina atzeratu du, 67 urtera igota. Honek, hasierako pentsioa kalkulatzeko urte kopurua zehazten du, % 100erako kotizatutako urte gehiago eskatzen ditu eta lan-bizitza luzatzea saritzen duen erreforma da, gazteen % 40ak lan egiten ez duen bitartean».

Beste hainbat kexa eta eskaera tarteko, hauek guztiak aldarrikatzeko, hitzordua jarri dute bihar eguerdiko 12:00etan, Donostiako Alderdi Ederren: «Lau urte eta gero borrokak darrai» lelopean, herritarrak gonbidatu nahi izan dituzte: «datozen belaunaldien etorkizuna ere jokoan baitago, beraz animatu! eta zatoz pentsiodunekin mobilizatzera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!