Xabi Solanoren ahotsak emango dio hasiera asteburuari, Kimua Dantza Kolektiboarekin batera

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 14a, 00:00
'Bi' diskoaren birari amaiera ederra emango dio Solanok. Argazkia: Deia.

Bakarlari gisa kaleratu duen bigarren diskoko biraren azken geltokia da Hernani. Dagoeneko sarrerak agortu dira. Arratsaldeko 20:00etan emango zaio hasiera kontzertuari, Biterin. 

Dagoneneko eman zitzaion hasiera Hernaniko 2022ko kultur programazioari, eta gaurkoan jarraipena emango zaio, musika eta dantza uztartuta. Izan ere, gaurkoan, oholtza gainera igoko da Xabi Solano ereñotzuarra, Kimua Dantza Kolektiboaren laguntzarekin.

Solanok, Bi izeneko diskoaren birari amaiera borobila emango dio gaur Hernanin. Duela hiru bat urte grabatu zuen Ereñotzu diskoa, bakarlari gisa, eta Bi izeneko disko hau da, hain zuzen ere, bakarlari lanetan ateratako bigarrena. Bakarkako lana izan arren, aipatu moduan, ondoan edukiko ditu Kimua Dantza Kolektiboa taldeko dantzariak eta gainontzeko musikariak, hala nola, Kristina Solano arreba panderoarekin, Haritz Beristain baterian, Txus Aranburu teklatuan, Aitor Zabaleta baxuan eta Ander Zubillaga gitarran, eta Dj Zigor DZ.

Arratsaldeko 20:00etan emango zaio hasiera gaurko emanaldiari eta antolatzaileek aditzera eman dute dagoeneko sarrerak agortu direla. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!