«Aldarrikapena bizirik», Hernaniko kaleetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 13a, 00:00
Herritar mordoa, euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenean.

Manifestazio jendetsua egin zuten larunbatean Hernanin, makina bat herritan bezala, Bilbon egitekoa zen mobilizazioaren ordez.

Bilbora joateko zeukan hitzordua jarrita Sarek, urtero bezala, euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapena egiteko. Baina Covid-19ak eragindako egoeragatik, «atsekabe haundiz», Bilboko manifestazioaren ordez herriz herrikoak egitea erabaki zuen. Larunbat arratsaldean izan ziren horiek, eta Hernanin ere jarri zuten hitzordua, 17:00etan Plazatik abiatuta, Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean zioen pankartaren atzean.

Ehunka herritar elkartu ziren bertan, eta manifestazio jendetsua egin zuten herriko kaleetan barrena, bi zutabe luze-luze osatuz, segurtasun tarteak gordeta. Horrela, «bizirik» mantendu zuten presoen eskubideen aldeko aldarria, Hernanin bezala, Euskal Herriko 220 herri baino gehiagotan elkartuta.

Mobilizazioaren garrantzia nabarmendu zuen Sarek: «nahiz eta urte hau garrantzitsua izan espetxe-politikan hainbeste espero genuen aldaketari dagokionez, euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daude oraindik. Gradu-progresioa ere blokeatuta dago, eta ondorioz, presoek ezin dute egin etxera itzultzeko prozesua. Gainera, pandemia honek eragin zuzena izan du presoengan eta haien senideengan. Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, bereziki aurrez aurrekoak».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!