Negu-udaberriko kultur eskaintza, «anitza eta berezia»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 12a, 00:00
Koro Etxeberria, Nagore Irastortza eta Rakel Gonzalez, atzoko aurkezpenean.

Atzo aurkeztu zuten Biterin, datozen hilabeteetarako egitaraua. Egiteko ugari izango da, eta eskaintza «indartu» dutela adierazi zuten.

Atzo aurkeztu zuten, Biterin, negu-udaberriko kultur egitaraua. Bertan izan ziren Koro Etxeberria kultura zinegotzia, Nagore Irastortza kultura teknikaria eta Rakel Gonzalez liburutegiko arduraduna. Eskaintza «anitza eta berezia» dela aurreratu zuen Etxeberriak, «indartu» egin baitute datozen hilabeteotarako agenda. Izan ere, herritarrek denetarik egiteko aukera izango dute: dantza, antzerkia, literatura, zinea, musika eta beste asko.

«Betiko» ekintzez gain, «berrikuntzak» ere izango direla adierazi zuen Gonzalezek. Hain justu, «helburua publiko guztietara iristea» dela helarazi zuten hirurek. Horregatik, oraingo honetan, horixe izan dute helburu nagusia. 


Aukera zabala haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat

«Ilusio haundiz» prestatutako egitaraua dela ziurtatu zuen Gonzalezek. Gaur izango da irekiera literatur solasaldiarekin, eta ekainera arte, haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat izango da zeregina.

Aurreko hilabeteetan, izurritea medio, bertan behera gelditu edo moldatu behar izan zuten zenbait ekintzek. Hori horrela, berreskuratu egin nahi izan dituztela jakinarazi zuten atzoko aurkezpenean. «Esaterako, Itxaro Bordak telematikoki egin zuen solasaldia, baina, oraingo honetan, liburutegira etorriko da liburua aurkeztera», aipatu zuen Gonzalezek. 


'Geuretik sortuak', Hernanin

Aurkezpenean, Geuretik sortuak proiektuaren berri eman zuten Etxeberriak eta Irastortzak. Udalbiltzak bultzatutako egitasmoa da; «hain zuzen, euskera hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko duen zirkuitu nazionala». Hernanik zirkuitu horretan parte hartuko du, eta, horregatik, egitasmotik sortutako emanaldiak aurkeztuko ditu negu-udaberriko egitarauaren barruan.

Otsailaren 10ean emango diote hasiera, Biterin, Bidaide antzezlanarekin, eta ondorengo saioak martxoan eta apirilean izango dira. Horrekin batera, Geuretik sortuak proiektuaren barruan, ipuin bildumen aurkezpena i­zan­go da martxoaren 3an, Hernaniko Musika Eskolako ikasleek girotutako saio berezian.

Bestalde, ikus-entzunezkoei dagokienez,  Raul Barreras zinegileak Hernanin grabatutako Arnasa film laburra aurkeztuko dute.  Hori ere egitasmo horren barruko produktua da, eta data zehazteko dago oraindik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!