Manifestazio jendetsua, Covid pasearen kontra

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 11a, 13:15
Plazan elkartu ziren manifestariak, Covid pasearen kontra.

Covid pasaportearen kontrako manifestazioa deitu zuten larunbat iluntzerako, Plazatik abiatuta; eta ehunka lagunek egin zuten bat, aldarrikapenarekin.

Covid paseari ez lelopean, manifestazioa deitu zuten larunbat iluntzerako, Hernanin, 19:30etan Plazatik abiatuta. Ehunka lagun elkartu ziren bertan, eta manifestazio jendetsua egin zuten ondoren, herriko kaleetan barrena, Osasuna, askatasuna eta egia; Covid paseari ez zioen pankartaren atzean. Beste pankarta bat ere zabaldu zuten, manifestazioaren zutabearen erdialdera: Zentsurarik gabeko informazioaren alde! Eztabaida zientifikoa oraintxe! Eta mezu gehiago ere bazeramazkiten partehartzaileek, kartelak eskuetan hartuta: Txertatu gabe ala txertaturik, tiraniaren aurka elkarturik! zioen batek; eta beste batek, berriz, PCRena da pandemia, ez kutsatzeena; farsa hutsa da!

Tilosetan bukatu zuten kale buelta, eta bertan irakurri zuten adierazpena: «ia bi urte hauetan, hondoratze soziosanitario eta soziolaboralarekin, eguneroko informazio zurrunbiloarekin ere, ikusi dugu zalantzak eta ziurgabetasunak uxatu beharrean, areagotu egin direla. Izan ere, osasungintzako langileek eman duten informazioak, ospitaletako errealitatearen inguruan, gero eta gehiago egiten du talka egunero prentsan eta telebistan ematen digutenarekin».

Horregatik, azaldu zuten, Gingko Batzarra izenekoa sortu dutela, «harrera egin eta laguntza emateko, bestelako informazioa behar duten hernaniarrei, prentsatik eta telebistatik harago. Leiho ireki bat, nahi dutenei aukera emango diena begiratzeko, beste ikuspegi bat deskubritzeko, beste errealitate bat, itxaropentsua».

Bideoa ere osatu dute, manifestazioaren inguruan:

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!