Bost sari berri irabazi ditu Iñigo Legorburuk aste betean

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 11a, 00:00
Legorburu AEK-ko saria jasotzen.

Guztira 17 sari lortu ditu Legorburuk 2021garren urtean. Eta horietako asko abenduan jaso zituen, urtea modu paregabean agurtzeko. 

Ederki hasi du 2022garren urtea Iñigo Legorburuk, hainbat sari irabazi baititu 2021garren urtean: guztira 17 izan dira etxera eramandako sariak. Legorburu pozik dago: «abendu honetan jakinarazi dizkidate sari batzuk eta urte amaierako pozen zurrunbilo honetan, hilabete eta erdi baino gutxiagoan, zortzi lehiaketatan saritua atera naiz». 


2021garren urtea pozez agurtu badu ere, 2022garrenari sekulako ongi etorria eman dio Legorburuk, abenduan jasotako bost sari berrirekin: Errenterian, irabazi zuen Gau beltzaren inguruan ospatutako beldurrezko mikrokontakizunen lehiaketa, Orereta Ikastolaren eskutik emandakoa. Lehiaketa horretan, Legorburuk eskuratu zuen Errigorako produktu-saski bat. Ipuinaren ordua izeneko kontakizunak jaso zuen errekonozimendua: «familia izaerako istorioa izan zen, azken harridurarekin». 

Gaztelaniaz idatzi duen lehenengo aldian saria
Era berean, Gipuzkoako Eskualde Etxeetako Mikrokontakizunen V. Lehiaketan, Legorburuk bigarren saria lortu zuen, «gainera gaztelaniaz idazten nuen lehen aldia zen, eta zortea izan dut» jakinarazi du, pozez lehertzear dagoela. Sari honekin, datorren urterako bultzadatxo bat emango diola ere azaldu du: «lagunduko dit gaztelaniazko beste lehiaketa batean parte hartzen». 


Bigarren sariaren estatuatxoa eta 80 euroak eskuratu zituen eta urte hasieran bere lana beste irabazleekin batera argitaratuko du, Gipuzkoako Eskualde Etxeek argitaratutako Topaketak aldizkarian. 


X. Oihenart Aforismo lehiaketan, bigarren saria lortu zuen 100 aforismoen bildumarekin. Izan ere, Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak gainditu zuen hernaniarra. Hala ere, Legorburuk honela definitu du bere bilduma: «umoretsua eta ironikoa eta gainera, ongi pasatzen saiatu naiz. Aforismoa oso genero zorrotza da, laburra eta lehergarria delako, baina lana aitortzen dizutenean, poztasuna bikoitza da». 

'Ixiltasunaren xuxurla' izeneko argazkiarekin AEK-k antolatutako argazki lehiaketa 
ere irabazi du.


Buruntzaldeko AEK-k antolatuta, Legorburuk irabazi zuen argazki lehiaketa, galdera honi erantzunez: Zein da zure txorik gustukoena Buruntzaldean? Galdera honi erantzun zion Legorburuk Ixiltasunaren xuxurla izeneko argazkiarekin, Red Cometek Hernani duen eskultura erretratatuta, «nire semea bertan igota, jolasean». Eta nabarmendu du bertara joaten dela askotan lasaitasun bila. Argazkia «sinplea» dela ere azaldu du Legorburuk, eta dio «iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura» sinbolizatzen duela: «historia ez ahazteko beharra, aurrera egiten jarraitzeko». 


Amaitzeko, etorkinei laguntzeko, Afro elkarteak antolatuta, Legorburuk beste bigarren postu bat lortu zuen eta 250 euro eskuratu zituen bere kontakizunagatik. 

2022ko erronkei aurre egiteko prest, Legorburu
Iñigo Legorburu oso pozik agertu zen sari hauekin guztiekin, eta jakinarazi du urte oso bateko lanaren emaitza izan dela: «sari batzuk gutxi gorabehera apalak izan arren, guztiak dira lanaren, ibilbidearen eta iraunkortasunaren aintzatespen txiki bat». 


Eta hemendik aurrerakoak ere argi dauzka Hernanin bizi den idazleak: «idazten jarraitzeko asmoa daukat, erronka berriez betetako 2022 bati aurre egiteko».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!