Aldaketa naturala izan da zuentzat Ikastola izatera pasatzea, ezta? Nola bizi duzue?
Aldaketa guztiek prozesu bat eskatzen dute, ez dira bat-batekoak izaten, eta gurea ere esanguratsua izan da. Hezkuntza proiektua etengabe berritzen aritu gara, eraldatzen. Beti ere ikaslea, pertsona, erdigunean izanik; beraien beharretara egokituz.
Irakasleok sortutako hezkuntza eredua daukagu Aratz Ikastolan, eta honek titulartasun aldaketa eskatzera eraman gaitu. Garai berrietara egokitzeaz harago, proiektu propioarekin jarraitzeko nahia dauka lan taldeak, eta horretarako, ikastolaren gidaritza hartu, eta laikotasuna eta kudeaketa ekonomikoa gure gain hartu nahi izan ditugu, alderdi pedagogikoarekin egiten genuen bezala.
Noiztik zenuten buruan ikastola izatera pasatzeko ideia? Noiz hasi zenuten prozesua?
Urteetan zehar saiakera desberdinak egon diren arren, pauso definitiboa iazko ikasturtean eman zen. Proposamena mahai gainean jarri eta denok aldaketaren beharra ikusten genuenez, titulartasuna langileen eta gurasoen gain hartzea erabaki genuen. Ondoren, gure proiektua Ikastolen Elkarteko aterkipean sartzeko aukera ikusi genuen, eta hala gauzatzen ari da.
Karitateko Alaben aldetik, nolako erantzuna jaso zenuten?
Erantzuna oso ona izan zen. Ulertu behar dugu beraientzat ez dela erraza izan bukaera ematea Hernanin eduki duten hainbeste urtetako ibilbideari. Hala ere, Karitateko Alabek gurekin batera ikusi dute aldaketaren beharra, eta hasieratik onartu zuten gure eskaera.
Eta Ikastolen Elkartearen aldetik?
Hernanin Elkarteko Ikastola bat izateak ilusioa piztu du ikastola mugimenduan. Proiektu berriaren eraikuntzan bidelagun dira, eta guztiok gogotik ari gara lanean, Hernaniko bizilagunei aukera berri eta eraldatzaile bat eskaintzeko.
Kontatu nolakoa izan den prozesua, ordutik.
Titulartasun aldaketari baiezkoa eman zigutenean, kooperatiba sortzeari ekin genion, eta orduan jaio zen Aratz Ikastola Hezkuntza Kooperatiba Euskaldun eta Integrala. Negoziazio eta burokrazia prozesuak korapilatsuak dira: langileen lan-baldintzak, bideragarritasun plana, kooperatiba egiturak ematen dituen aukerak aztertzea eta zailtasunak aurreikustea…
Nola irudikatzen duzue ikastola 'berria'?
Aldaketak erpin ezberdinak ditu:
• Hizkuntza proiektuaren garapena eta euskararen erabileraren indartzea. Ikastola mugimendua euskaraz bizi da, eta guk ere euskaraz bizi nahi dugu. Euskaratik, euskaran ardaztutako eleaniztasunarekin, gure hizkuntza proiektuarekin.
• Laikotasuna: sinismen askatasuna bermatzeko, erlijioak, fede gisa, curriculumetik kanpora geratuko dira.
• Kooperatiba integralaren egitura. Zer esan nahi du honek? Langile eta gurasoen artean jabetza partekatua izatea. Bi aldeak izango gara proiektu honen arduradun eta jabe, gizarte partaidetza eta erantzukizuna ardatz dituena.
• Hezkuntza eredu propioa izango dugu. Herriari eta herritarrei itsatsia, haien zerbitzura.
Ilusio handia daukagu, eta lan handia egiten ari gara dena aurrera eraman eta gauzatzeko. Ez dakigu etorkizunak zer dakarkigun, baina gogo handiz eta indarberriturik gatoz proiektu berri honekin.
Kooperatiba gisa eratu duzue. Zergatik?
Hezkuntza Kooperatiba Euskaldun eta Integrala sortu dugu. Izen korapilatsua izan arren, definizio erraza du. Guraso eta irakasleen artean partekatutako jabetza izatea da gure helburua. Hasiera batean, irakasle eta langileen parte-hartzearekin osatu dugu kooperatiba. Hala ere, gure nahia da gurasoek ere parte-hartze zuzena izatea, ardura partekatua izatea; eta horretarako, kooperatiba integralaren aukera baliatu dugu. Ezinbestekoa iruditzen zaigu familien eta irakasleen arteko lana sustatzea, denok baitugu zer esanik gure ikasle eta seme-alaben hezkuntzan.
Nolako egitura izango du? Eta nolako antolakuntza?
Artezkaritza taldea eta Batzar Nagusia dira kooperatiba bateko erabaki organo gorenak. Ezinbestean uste dugu gurasoen protagonismoa indartu behar dela hezkuntza prozesuetan, eta horretarako tresna egoki eta eraginkorra da kooperatiba integrala.
Zer aldatuko da Aratzen, egungo hezkuntza ereduaren aldean? Eta zer mantenduko da bere horretan?
Pertsona erdigunean jartzen duen hezkuntza eredua daukagu Aratzen, ikasleen ongizate emozionalean eta pertsonen zainketan oinarritua dagoena. Pertsonalizatua eta ikasleen momentuko beharretara egokitua.
Honez gain, Ikastolen Elkarteko lan taldearekin elkarlanean ari gara. Gustukoak diren ezaugarri asko ditu gure proiektuak, eta beraien jakintzarekin hobetu eta osatuko dugu; biona uztartuz, Ikastola eredua gauzatu ahal izango dugu. Esaterako, Hizkuntza Proiektuan jarriko dugu arreta, euskaran ardaztutako eleaniztasuna izango dugu xede.
Nolakoa da bertako hezkuntza ereduaren metodologia?
Hezkuntza metodologia berriztatzaileetan oinarritzen da. Kontuan hartzen ditugu neurozientziak hezkuntzaren inguruan eskaintzen dituen ebidentziak; zehazkiago, neurohezkuntza oinarri hartuta, honekin bat datozen metodologiak eta pedagogiak erabiltzen ditugu. Ez gara bat bakarrean zentratzen, baizik eta neurohezkuntzak oinarri dituen irizpideekin bat datozen metodologia desberdinak bateratzen ditugu. Neurohezkuntzak badu oinarri garrantzitsua adimen edo kultura emozionalean. Emoziorik gabe ez dago ikaskuntza, eta hori da gure oinarri nagusia.
Gure ikasleek ingurunean topatzen dituzten erronkak hartu eta ikaskuntza esanguratsua eraikitzea dauka helburu gure didaktikak. Abiadura handiz aldatzen ari den gure gizarte honetan, eragile aktiboak izan daitezen baliabideak ematea da gure asmoa, eta etorkizuneko herritar zoriontsuak izatea da gure proiektuaren funtsa.
Hortik abiatuta, gizakiaren garapen faseak kontutan izan ditugu HH eta LHko lehenengo mailetan, motrizitatean, mugimenduan alegia, oinarritutako programa bat sortzeko; hain zuzen, garuna modu egokian lateralizatu ahal izateko mugimenduak lantzen dira kurtso hauetan, adin hori baita garuna modu egokian lateralizatzeko momentua.
Garrantzia ematen diogu ikaskuntza kooperatiboari ere. Taldeak kohesionatzeari, taldelana modu egokian burutu dezaten dinamikak garatzeari…
Ikaskuntza eta zerbitzua proiektuen inguruan lanketa hasi genuen orain urte batzuk, eta berau sakontzen dihardugu. Ikastolan bertan, herrian edo gertuko gizartean sortu daitezkeen behar, arazo edo erronketatik abiatutako proiektuak dira, eta dakarkiten ikaskuntza proiektuaz gain, gizarteak eduki ditzakeen hutsuneak betetzen ditu. Martxan jarri genituen lehenengo urtean sari bat irabazi genuen, eta horrek indartsu aurrera egiteko nahia piztu digu. Besteak beste, Karabelekoko negutegietan buruko gaixotasunak dituztenekin bat lanean aritu gara baratzean, zaharren egoitzako aiton-amonekin ekintzak egin izan ditugu, Gipuzkoako odol-emaileen elkartearekin elkarlanean odol emaile berriak bilatzeko proiektua bideratzen dugu, Gautenako autismoa duten ikasleekin bat Udalaren Zero Zabor hozkailua proiektua aurrera eramaten dugu…
Eta ezin ahaztu gaitasun altuko ikasleentzako dugun zabaltze gela. Jada 5 urte daramatzagu adimen altuko ikasleekin lanean. Formakuntza askoren ondoren, protokolo bat sortu genuen irakasleek geletan detekzioa egin ahal izateko, ondoren orientazio taldetik zabaltze gelan eskuhartzea egiteko. Oso oso pozik gaude ematen ari den emaitzekin, gehienbat alderdi emozionalean nabaritzen dugu, ikasleak eta familiak ulertuta eta atendituta sentitzen baitira.
Nolako 'proiektuak' dauzkazue buruan, etorkizunera begira?
Lan talde dinamikoa gara, gure lana gustuko dugu, eta gauza asko egin nahi izaten ditugu. Horrek, ezinbestean, lehentasunak markatzera behartzen gaitu. Urte berriarekin, hizkuntza proiektua indartzea, espazioen gaineko gogoeta egitea, eraldaketa proiektua definitzea, eta ikaskuntza eta zerbitzua proiektu motak zabaldu eta indartzea. Guzti hau, ikaslearen irteera profila helburu.
Ikastolen Elkarteko eskaintza ere sakonago ezagutu nahi dugu, ikasmaterialak aztertuz, beste ikastoletara bisita pedagogikoak eginez, eta beraien hezkuntza proiektua eta eguneroko praktika ezagutuz. Etorkizunean Batxilergoa jartzea da gure nahia, eta horretarako gogor lan egingo dugu.
Hezkuntza ereduari dagokionez, zein aukera berri emango dizkizue Ikastola bilakatzeak?
Ikastola mugimenduko kide izateak aukera berriak zabaltzen ditu. Ikastolek sareari, elkartasunari, elkar laguntzeari garrantzi handia ematen diote. Ikastolen artean bakoitzak egiten duena partekatzen ohituta daude, Zuzendarien artean jarduten eta abar. Horrez gain, proiektu berriak ezagutu eta gure eskura edukiko ditugu. Gure hezkuntza proiektua eta Ikastolen Elkarteak dituen urteetako esperientziak eta materialak uztartuz, hezkuntza aukera ona izan gaitezke ingururako.
Nolako ikastola topatuko dute ikasleek aurrerantzean?
Momentu honetan Aratzek duen Hezkuntza Proiektua ikaslearen beharretara egokitzen da, eta hori egiten jarraituko dugu. Ikasleak, pertsonak, erdigunean egoten jarraituko du, begibistatik galdu gabe, orain artean bezala. Baina lehenago komentatu dugun moduan, Ikastola ereduak aukera berriak zabaltzen dizkigu, eta ikastola izateak ezaugarri bereizgarriak uztartzen ditu. Beste hainbat ezaugarriren artean, gure ikastolak hezkuntza eredu propioa izango du, herritarra izango da, euskalduna eta eraldatzailea.
Irakasle taldea mantendu egingo da, eta hori indargune ere bada; proiektuaren ezagutza dugulako, ikasleak ezagutzen ditugulako, familiak ezagutzen ditugulako, herria ezagutzen dugulako… Eta honi gehitu behar diogu Ikastolen Elkartetik jasoko dugun prestakuntza eta aholkularitza sendoa. Honek guztiak gure jabetza areagotuko du, eta bide batez, gure eskaintzaren kalitatea bermatuko du.
Garrantzitsua da, baita ere, espazioa hezkuntza proiektuaren zerbitzura egotea. Espazioen eraberritzean inbertituko da, hauek benetan gure eskaintzara egokitzeko. Arkitektura pedagogiaren zerbitzura jarri nahi dugu, eta ez alderantziz.
Zergatik aukeratu beharko lukete Aratz?
Jendea gu ezagutzera etor dadin gustatuko litzaiguke. Behin gu eta gure proiektua ezagututa, Hernaniko bizilagunentzat aukera bat izango garela uste dugu.
«Ikastola eredua Hernanin ezartzeko aukerak ilusio handia sortu zigun»
Aratzen hezkuntza proiektuan «oso gauza interesgarriak» ikusi ditu Ikastolen Elkarteak, Jose Luis Sukia zuzendariak adierazi duenez.
JOSE LUIS SUKIA IKASTOLEN ELKARTEA
Ilusioz hartu zuten Ikastolen Elkartetik ere, Aratzeko irakasle eta langileen proposamena. Hala adierazi du Jose Luis Sukiak, Ikastolen Elkarteko zuzendariak: «hasieran ezustekoa izan zen, baina ikastola eredua Hernanin ezartzeko aukerak ilusio handia sortu zigun. Aratzek dituen ezaugarriengatik, proiektua erronka garrantzitsu bilakatu da guretzat. Ikastetxe txikia izanik, etorkin kopuru handia du, eta horrek ahalbidetzen digu euskararen gaia ikasleekin eta familiekin modu ezberdin batean lantzea.Gainera, beste filosofia batekin landutako proiektua izan da, eta oso altua da langileen inplikazio maila».
Sukiak azaldu du, ikastola bat sortzea ez dela «soilik marka aldaketa bat, aurpegi garbitze bat; ikastola ereduak ezaugarri eta filosofia zehatz bat du, eta ikastola bakoitzak bere proiektua lideratzeko autonomia ere badu». Aratz gertutik ezagutzeko aukera izan du Sukiak, prozesu osoan zehar; eta ikastetxearen indarguneak azpimarratu ditu: «ikasleak eta familiak oso ondo ezagutzeaz gain, bere eskaintza pertsonalizatzen jakin izan du. Haur, gazte, eta nerabeen beharrak aintzat hartu bakarrik ez, familien beharrak ere ezagutzen ditu. Oso ezaugarri indartsuak dira horiek, eta ezinbestean mantendu beharrekoak. Hezkuntza proiektuari dagokionean ere, oso gauza interesgarriak ikusi ditugu. Aprendizaia zerbitzuan duten eskarmentua, aniztasunari erantzuteko estrategia eta ezagutza, emozioen kudeaketaren inguruan lantzen dutena...».
Zentzu horretan, nabarmendu du «asko» daukatela «elkarrengandik» ikasteko, eta familia bat dela ikastolen mugimendua, «ikastola ezberdinez osatzen den familia». Elkartetik, bidelagun izaten saiatzen dira: «gai ezberdinen gaineko aholkularitza eskaintzen diegu, berrikuntza pedagogikorako elkarlanean jarduten dugu, Hezkuntza Sailaren aurrean Ikastola guztien interlokutore lanak egiten ditugu...».
Aratzen proiektu berriarekin, Hernaniko hezkuntza eskaintzan «aukera berri bat» zabaldu dela uste du Sukiak: «pertsona eredu edota ikasle profil bat hezten lagundu nahi duen hezkuntza eredu bat gara, besteengandik ezberdinak, helburu eta egiteko modu propioak ditugunak. Ziur gaude Hernaniko familia askok bat egiten dutela Ikastola ereduaren filosofia eta helburuekin, eta haientzako aukera izan daiteke Aratz Ikastola. Ikastola eredua berrikuntza pedagogiko-metodologikoan aitzindari izan da eta izaten jarraitzen du. Euskal hezkuntza sistema propio baten eraikuntzarako giltzarri gara, eta Euskal Herriko eredu horren garapen eta sorkuntzarako 113garren ikastola izatera pasako da Aratz Ikastola».
ARATZ IKASTOLAK ESKAINTZEN DITUEN ZERBITZUAK
• Hezkuntza eskaintza 0-16 urte: Haurreskola, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Erizaintzako zaintza osagarrietarako erdi mailako heziketa zikloa
• Goizeko zaintza
• Jangela zerbitzua (Askora enpresarekin)
• Eskolaz kanpoko jarduerak: ingelesa, dantza, errobotika...
• Kafe tertuliak gurasoekin
ATE IREKIAK
• Urtarrilaren 14an eta 15ean, ikastola ezagutzeko aukera: gelak, irakasleak, gure proiektua...
Urtarrilak 14, ostirala, arratsaldeko 17:00etan, euskaraz
Urtarrilak 15, larunbata, goizeko 10:30etan, gazteleraz
• Ate irekiak talde txikietan, aldez aurretiko orduarekin, urte osoan zehar.
MATRIKULAZIOA
Urtarrilaren 17tik 28ra.
Idazkaritza ordutegia,
09:00etatik 17:00etara.
Aldez aurretiko ordua hartzeko:
idazkaritza@aratz.eus
943 55 02 33