Asier Ezkai, Markel Diaz eta Ekai Legorburu, xakean murgilduta

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 8a, 00:00
Asier Ezkai xakelari hernaniarra (ezkerrean), partida batean.

Gros Xake Taldeko kide dira, eta hainbat txapelketatan parte hartu dute azken asteotan.

Xakeak zenbait hernaniarren interesa piztu du azken bolada honetan. Hain justu, Asier Ezkai, Markel Diaz eta Ekai Legorburu gaztetxoak kirol honetan murgildu dira bete-betean, eta azken hilabete hauetan buru-belarri ari dira entrenatzen. Hainbat txapelketatan ere parte hartu dute dagoeneko, eta bikain ari da hirukote hernaniarra.

Plenotik gertu, hirukotea

Gros Xake Taldeko kide dira hirurak, eta fin-fin aritu dira antolatutako azkeneko topaketa guztietan. Joan den hilabetean, Gaztedi-Kutxa txapelketan izan ziren Asier eta Markel, Gipuzkoako taldekakoan. Azkoitiako frontoian jokatu zen torneoa, eta Ezkaik eta Diazek lau partidatatik bi irabaztea lortu zuten. Ia bost orduz luzatu zen jardunaldia, eta goiz ederra bizi zuten bi hernaniarrek. Urumea ikastolakoak dira biak.

Ekai Legorburu, Donostialdeko eskolarteko txapelketan.
 

Ekai Legorburu, berriz, Elizatxo ikastolako ikaslea da. Xakea da bere pasioetako bat, eta Donostialdeko benjaminen mailako eskolarteko txapelketan parte hartu zuen abenduan, Gros Xake Taldearen egoitzan. Asebeteta amaitu zuen, bere estreinako lehian lau partidatatik hirutan gailendu baitzen. Asier Ezkai ere izan zen txapelketan, eta berak ere ia plenoa egin zuen topaketan: partida guztiak irabazi zituen, bat izan ezik.

Oraingoz, Gros Xake Taldeko koloreekin ari dira hirurak, baina, noizbait, etorkizunean, Hernaniren izenean eta herriko koloreekin jokatzeko «itxaropena» dutela azaldu dute gazteek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!