Patinetea, patinak, argazki kamera eta linterna prest, ginkanarako

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 8a, 00:00

Ekintza berezia antolatu du Gaztelekuak gaurko. Ginkana egingo dute, eta herrian barrena ibiliko dira. 16:00etan dute hitzordua, skate parkean.

Gaztelekuak ez du etenik izan Gabonetako oporretan. Hilabeteroko ekintzez gain, egitarau berezia prestatu zuten azken aste hauetarako. Gazteek denetarik egiteko aukera izan dute, eta gaurkoan ere martxa bera jarraituko dute, arratsalderako antolatutako jarduerarekin.

Ginkana egingo dute herrian barrena. Baina ez da ohikoa izango; izan ere, patinetean eta patinetan egingo dute ibilbidea. Probak osatzeko, gurpil gainean  ibiliko dira gazteak, eta herriko hainbat txokotan egongo dira begiraleak haien zain, ekintza osatzeko prest.

Taldeak hiru pertsonakoak izango dira, eta taldekide batek patinete edo patinen gainean joan beharko du. «Prestatu, horiez gain, kamera digitala edo mugikorra eta linterna», jakinarazi diete Gaztelekukoek.

Horrekin batera, mozorrotuta joateko gonbita luzatu diete gazteei: «garrantzitsua izan daiteke amaierako sari banaketarako». Saria ere badagoela aurreratu dute antolatzaileek, beraz.

Izenematea, zabalik

Skate parkean jarri dute hitzordua, 16:00etan. Bertan bilduko dira partehartzaileak eta Gaztelekuko hezitzaileak. Interesa dutenek, zabalik dute izena emateko epea. Horretarako, bertaratu Gaztelekura, deitu 688 823 420 telefonora, edo idatzi gaztelekua@hernani.eus helbidera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!