Igoerarako azken aukerei eusteko, garaipenaren bila bihar Gasteizera

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 8a, 00:00

Trikoloreak borrokan, Ourenseren kontrako partiduan, Landaren.

Gaztediren kontra jokatuko du Hernanik, 11:30etan Gamarran, Ohorezko B Mailako 9garren partidua.

Bi asteko atsedenaldia izan du Hernanik, Ohorezko B Mailan, urteko azkeneko partiduan jasotako kolpeari buelta emateko. Pasek Belenos liderraren kontra galdu zuen Anoetako miniestadioan; eta horrekin batera, igoeraren lehian jarraitzeko aukera gehienek ere egin zioten ihes  talde trikoloreari. Aurreneko hiruen artean sailkatu behar du aurreneko fasearen bukaeran, lehia horretan jarraitzeko; eta une honetan, sei puntu gehiagorekin dago Getxo, hirugarrena.

Bizkaitarrek partidu zailenak dagoeneko jokatu dituztela kontutan hartuta, oso zaila dauka Hernanik, Getxo harrapatzea. Baina ez dute saiakera horretan etsiko, eta bizkaitarrek huts egin eta aukera txikiena suertatuz gero, baliatu egin nahi dute. Horregatik, garaipena lortu behar dute trikoloreek, geratzen zaizkien hiru partiduetan; eta hiruetan erasoko bonusa ere eskuratu.

Bihar izango dute aurrene­koa, Gasteizen: Gaztediren kontra jokatuko dute, 11:30etan hasita, Gamarra zelaian. Ligako bederatzigarren sailkatua da tal­de arabarra, zazpi partidutik bi irabazita; eta, beraz, irabazi be­harrekoa daukate trikoloreek.
Jardunaldi honetan bertan dauka Getxok geratzen zaizkion partiduetan zailena: Ourenseren kontra jokatuko du, etxean. Bosgarren dago talde galiziarra, eta litekeena da bizkaitarrei lana ematea. Gainerako bi partiduetan, multzoko azkeneko bi sailkatuen kontra ariko da Getxo; Uribealdearen eta Palenciaren kontra, hain justu.

Hernanik, berriz, Uni Bilbao hartuko du datorren asteburuan, eta Zarautzen zelaian jokatuko du azkenekoa, bi aste barru.
Egoera zailean daude trikoloreak, baina bukaerara arte daukate bere onena eman beharra, Getxok huts eginez gero, igoerara fasera aurrera egiteko aukerei eusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!