Bizkaia Torneoko bigarren partidua daukate bihar, hiru hernaniarrek

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 8a, 00:00

Partidu bikaina jokatu zuen Maider Huizik, Bizkaia Torneoko estreinakoan.

Miribillan ariko dira, paleta larruz, Arrieta, Irazustabarrena eta Huizi, eguerdiko 12:00etan hasita.

Bizkaia Torneoa hasi zuten au­­­rreko asteburuan, hiru palista hernaniarrek: Amaia Ira­zusta­barrenak, Maider Huizik eta Ariane Arrietak. Paleta larruz ari dira jokatzen, eta guztira, lau bikote dabiltza lehian. Bikote ezberdinetan ari dira hiru hernaniarrak: Irazustabarrena Etxanizekin, Huizi Nagorerekin, eta Arrieta Agirresaroberekin.
Aurreneko jardunaldian, elkarren kontra jokatu zuten Huizik eta Arrietak, eta Huizik lortu zuen garaipena (0-2), partidu bikaina jokatuta. Beste partiduan, berriz, garaipena lortu zuen Irazustabarrenak ere, Etxanizekin, Galdosen eta Erasunen kontra (2-1). Lehia haundia izan zen bi aurrelarien artean, eta hernaniarra nagusi izan zen azkenean, aurreneko puntua lortzeko.

Bihar jokatuko dute bigarren jardunaldia, eguerdiko 12:00etan hasita, Bilboko Miribillan; eta oraingoan, Irazustabarrena eta Arrieta ariko dira aurrez aurre, Etxaniz eta Agirresarobe lagun dituztela, hurrenez hurren. Bigarren partiduan jokatuko du Huizik, Nagorerekin, Galdosen eta Erasunen kontra.

Hiru partidu jokatuko dituzte ligaxkan, eta semifinalak ondoren: ligaxkako aurreneko bikotea eta laugarrena elkarren kontra; eta bigarrena hirugarrenaren kontra. Partidu guztiak izango dira 12 tantoko hiru jokotara.

Euskal Herriko Kluben arteko Ligan, gaurtik
Biharko jardunaldia baino lehenago, hitzordu garrantzitsuak izango dituzte palista hernaniarrek, gaur ere. Batetik, Euskal Herriko Kluben arteko Liga hasiko dute, eta bi partidu izango dituzte: Enara Macicior eta Ane Kerejeta jubenilek. Lekunberrin jokatuko dute, 17:00etan; eta Irazustabarrena eta Arrieta nagusiek Orozkon, 16:30etan.

Eta bestetik, 7 barruko Gipuzkoako Txapelketa hasiko du Mikel Zurutuzak, 11:00etan Donostiako Ibaetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!