Manifestazioa bihar, Sarek deituta

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 7a, 00:00

Bilbon egitekoa zen manifestazioaren ordez, herriz herri egingo dituzte; eta Hernanin ere jarri dute hitzordua, 17:00etan Plazatik abiatuta.

«Manifestazio jendetsua» deituta zeukan Sarek, bihar arratsalderako, Bilbon. Baina Covid-19ak eragindako egoera kontutan hartuta, erabaki dute manifestazio hori herriz herri egitea, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Hori horrela, hitzor­dua jarri dute Hernanin ere, 17:00etan Plazan, manifestazioa egiteko, Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean lelopean.

«Ez da erabaki erraza izan, bigarren urtea baita aldarri beraren gerizpean pertsona ugari biltzen dituen mobilizazio haundi hau baztertzen dugula. Baina argi daukagu bizitzen ari garen egoera honetan, 80.000 eta 100.000 pertsona artean elkartzen dituen mobilizazio bat deitzea arduragabekeria dela, eta Sarek kosta ahala kosta saihestu nahi du hori», azaldu dute.

Edonola ere, ez dute baztertu nahi aldarrikapena: «batetik, data hau ikur bat delako euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenaren barruan. Bestetik, nahiz eta azken urte hau garrantzitsua izan espetxe politikan hainbeste espero genuen aldaketari dagokionez, euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudelako oraindik, eta gradu-progresioa blokeatuta dagoelako, eta ondorioz, presoek ezin dutelako egin etxera itzultzeko prozesua. Eta azkenik, pandemia honek eragin zuzena izan duelako presoengan eta haien senideengan. Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, bereziki aurrez aurrekoak».

Horregatik, Hernaniko Sarek manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritar guztiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!