«Behin-behinekotasuna murrizteko» hainbat lanpostuen eskaintza onartuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 4a, 00:00

Lanpostuen eskaintza onartzea da prozesuaren lehen fasea. Ondoren etorriko da lanpostu bakoitzari dagokion lehiaketa publikoa deitzea.

Aurtengo Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu berri du Hernaniko Udalak, langile publikoen «behin-behinekotasuna murrizteko beste pauso bat emanez». Horrela, Udalak dio 9 lanpostu finkatuko direla eskaintza horri esker. Lanpostuen eskaintza onartzea da prozesuaren lehen fasea, eta ondoren etorriko da lanpostu bakoitzari dagokion lehiaketa publikoa deitzea.

Honakoak dira hain zuzen ere, lehiaketarako aterako diren lanpostuak: udaltzaina, agente lehena eta karrerako funtzionarioen barne sustapena.

Plazak txanda irekian betetzeko eskaintzari dagokionez, berriz, lehiaketa hauek egingo dira, Hernaniko Udalean: Hirigintza arkitekto teknikoa, Kirol Saileko arduraduna, Zerbitzu Publikoetako arkitekto teknikoa, Udaltzaina, Kirol monitorea, Modernizazio teknikaria eta Zerbitzu Publikoetako administraria.  Ereñotzuko Udalean berriz, Arkitekto teknikoa.

Horietaz gain, Espainiako Gobernuak langile publikoen behin-behinekotasuna murrizteko xedez onartu berri duen legeak beste lanpostu batzuk finkatzeko aukera ere eskainiko du. Hartara, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenago behin-behinean baina etengabe beteta egon diren lanpostuak finkatzeko aukera emango du legeak eta «Hernaniko Udalean dauden plaza horiek ere lehiaketara ateratzea aztertzen ari gara» jakinarazi du Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!