Sari eta saski ederrak, Goiz Eguzkiko kale jolasetan eta karta txapelketetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 3a, 00:00

Ohi bezala, argazkia egin zuten txapelketetako sarituek eta saskien zozketako irabazleek, Goiz Eguzkiko parkean.

Santo Tomas egunez, txistorradarik ez egin arren, giro ederra izan zen jubilatuen elkartean, herritar askok jaso baitzuten sari edo saskiren bat.

Ez dira ohiko Gabonak izan, Goiz Eguzki jubilatuen elkartean ere. Ezin izan zuten txistorradarik egin Santo Tomas egunez, egoitzaren barruan jende pilaketak saihesteko. Baina, edonola ere, giro ederra izan zen goiz horretan, kale jolasen eta karta txapelketen sariak banatu baitzituzten, Goiz Eguzkiko parkean. Eta, horrekin batera, 15 saski eder zozketatu zituzten.

Karta txapelketetan, zortzi bikotek jaso zuten saria. Tute jokoan, Lucas Yustek eta Ramon Ormaetxeak irabazi zuten, eta bigarren postuan gelditu ziren Vicente Perez eta Julian Santos. Musean, berriz, Agustin Cormenzanak eta Ignacio Imazek lortu zuten garaipena, eta bigarren izan ziren Pedro Moza eta Angel Salaberria. Punttuan, Patxi Apezetxea eta Eugenio Urruzola izan ziren onenak, eta Lucas Yuste eta Ramon Ormaetxea bigarren. Eta eskoban, Guzman Aldabek eta Jose Joaquin Lacunzak lortu zuten garaipena, eta bigarren gelditu ziren Marian Zabaleta eta Ana Zendoia.

Kale jolasetan, beste 16 sari banatu zituzten, emakumezko eta gizonezko abilenentzat. Emakumezkoen artean, botean garaipena lortu zuten Dolores Anabitartek, eta Marimi Azkuek bigarren egin zuen. Igelean ere, Dolores Anabitarte izan zen onena, Ana Rodriguezen aurretik. Tokan, Marimi Azkuek irabazi zuen, eta Marian Zabaleta izan zen bigarren. Eta dardoetan, Ana Rodriguezek lortu zuen garaipena, Marimi Azkueri aurrea hartuta.

Gizonezkoetan, berriz, botean Eugenio Urruzola izan zen onena, eta bigarren postuan sailkatu zen Jesus Brillo. Igelean, Jesus Mari Mugicak irabazi zuen, Guzman Aldaberen aurretik. Tokan, Eugenio Urruzola nagusitu zen berriro, eta Julio Saezek jaso zuen bigarren saria. Eta dardoetan, Jesus Brillok lortu zuen garaipena, Julio Saezi aurrea hartuta.

Eta saskien zozketak, beste 15 laguni poztu zizkien Gabonak. Honakoak izan ziren sarituak: Dulce Luz Fernandes, Mikaela Ciganda, Maria Teresa Gorrotxategi, Luis Mari Parrondo, Juan Antonio Juarez, Maria Jesus Arratibel, Maria Aranzazu Azkue, Maria Rosario Alvarez, Manuel Esnaola, Isabel Guerrero, Maria Jesus Elosegi, Catalina Gomez, Maxima Polo, Mari Carmen Puertas, eta Maria Teresa Arceniega.

Saririk jaso edo ez, goiz ederra pasa zuten bertaratutakoek, beti sortzen baita giro polita, horrelako hitzorduetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!