'Hernani' antzezlana, Madrilen

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 3a, 00:00

Daniel Ortiz eta Josean Bengoetxea dira antzezlaneko aktoreak.

Fernando Erre donostiarraren obra da, eta urtarrilaren 20an estreinatuko dute, Lara antzokian.

Bada antzezlan historiko bat, Victor Hugorena, Hernani izenburuarekin. 1830eko otsailaren 25ean estreinatu zuten antzezlan hura, Parisko Comédie-Francaise antzokian. Eta laster, beste antzezlan bat batuko zaio Victor Hugoren obrari, herriaren izena taula gainera eraman dutenen artean.

Izan ere, Hernani, se acabó la paz izeneko antzezlan komikoa osatu du Fernando Erre donostiarrak, eta urtarrilaren 20an estreinatuko du, Madrilgo Lara antzokian. Juanma Gómez da antzezlanaren zuzendaria, eta Josean Bengoetxea eta Daniel Ortiz aktore protagonistak.

Julen eta Edmundoren paperean ariko dira bi aktoreak, Via Nanclares delakoarekin bat egin duten bi gizon: ETAko kide ohia Julen, eta Julenek berak bahitu zuen gizon baten semea Edmundo. Espetxean elkartuko dira, eta barkamena eskatzeko asmoz bertaratuko da Julen, baina bestelakoa da Edmundoren asmoa: mendekua. Ez da ohiko mendekua bilatuko duena, ordea. «Plan nahasgarri eta berezi bat prestatu du Edmundok horretarako», aurreratu du–te antzezlanaren egileek.

Orain estreinatu arren, duela bost urtetik dauka obra idatzita Fernando Errek, eta «dibertigarria bezain aldrebesa» dela adierazi du. Eta egileak azaldu du, antzezlanean «leku sinbolikoa» dela Hernani, «konnotazio ezberdina daukana protagonistetako bakoitzarentzat; eta ez batean eta ez bestean, ez dator bat errealitatearekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!