Bukaera goxoa, mende erdiko ibilbideari

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 3a, 00:00

Joseba San Sebastian eta Patxi Apezetxea (alboetan), senideekin batera, Milagrosan jaso zuten omenaldian.

Txistulari Bandarekin azkenekoz jo zuten Joseba San Sebastianek eta Patxi Apezetxeak, Urte Berri egunean; eta omenaldia egin zieten Milagrosan.

Oso berezia izan zen, «itzela», Hernaniko Txistulari Bandaren Urte Berri eguneko kalejira. Izan ere, larunbateko diana horrekin esan zioten agur Joseba San Sebastianek eta Patxi Apezetxeak, Txistulari Bandan egin duten ibilbide luzeari. Mende erdi baino gehiago egin dute biek, taldean: 56 urte Apezetxeak, eta 51 urte San Sebastianek. Biak hasi ziren Urte Berri egunez Txistulari Bandan jotzen, eta egun seinalatu horretan esan diote agur, urteurren borobilean.

Herritar ugari agertu ziren San Sebastian eta Apezetxearen azkeneko dianara.

Eta agurra ez zen nolanahikoa izan. Eguraldi ederrarekin, hainbat herritar gerturatu ziren Txistulari Bandari laguntzera, egun berezian. Gozatu egin zuten kale bueltarekin, guztiek ere; eta omenaldia egin zieten Apezetxeari eta San Sebastiani, Milagrosan. Dianaren bukaera Plazan egin zuten, borobilean jarrita, lagun giro goxoan. «Orain falta zaigu otordu baten bueltan egitea benetako agurra», aurreratu dute taldeko kideek.

Egun horretan bertan, Arantzazu Garmendiak jaso zuen batuta, Patxi Apezetxearen eskutik; eta bera izango da Txistulari Bandako zuzendaria, aurrerantzean. Taldeko lehendakaria, berriz, Eva Igarriz izango da, eta Joseba San Sebastianen tokia Jon Pachek hartuko du, taldeko perkusionista gisa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!